Berri Otxoak eta Argitan elkarteek elkarretaratze bat egin dute Barakaldoko udaletxearen aurrean, herri horretako emakume bat etxetik kaleratu nahi dutela salatzeko, Emakumeak 41 urte ditu, indarkeria matxista pairatutakoa da, eta lau seme-alaba ditu: horietatik hiru adingabeak dira, 5, 11 eta 14 urtekoak.
Emakumea eta bere familia Alokabide elkarte publikoaren etxebizitza batean daude, baina elkarteak kaleratu egin nahi du, eta auzitegiak etxegabetze agindua eman du, maiatzaren 21ean 09:15ean gauzatu beharrekoa.
Berri Otxoak eta Argitan elkarteetako kideek salatu dutenez, emakumeak «asteak» daramatza ahaleginak egiten Barakaldoko Udaleko gizarte zerbitzuek edo Etxebide etxebizitzaren euskal zerbitzuak irtenbideren bat topa dezaten, «gaur egun bizi den pisuan edo alogera sozialeko beste etxebizitzaren batean», baina erakundeek ez diote erantzunik eman, «egoera bereziki zaurgarria izan arren, gizarte zerbitzuek egin eta epaitegira bidalitako txostenak adierazi bezala».
2012ko azaroaren 9an Amaia Egaña barakaldarrak bere buruaz beste egin zuen, hari haren etxea desjabetzera zihoazela. Gertaera hark Barakaldo eta Euskal Herria osoa astindu zuen. Geroztik, Berri Otxoak elkarteak salatu duenez, 1.800 kaleratze inguru egin dituzte Barakaldon: astean lau, batez beste.«Egañaren heriotzaren ostean Eusko Jaurlaritzak, Eudelek eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak 2013an sinatu eta 2019ko otsailean berretsitako kaleratzeen kontrako protokoloa hutsaren hurrengo dela frogatu da», azaldu dute.