Emakume bat hil da AP-8an Errenteria parean jazotako auto istripuan

Donostia
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
32 urteko emakume bat hil zen atzo goizaldean AP-8 autobidean Errenteria parean (Gipuzkoa) izaniko auto istripuan. Ertzaintzak jakinarazi duenez, andrazkoa Donostiarako noranzkoan zihoan 08:00etan, eta Oiartzungo (Gipuzkoa) norabideko irteeran gertatu zen ezbeharra. Autoko bidaiari bakarra zen, eta ibilgailuaren barruan harrapatuta geratu zen, irten ezinik.

Suhiltzaileak eta anbulantzia bat joan ziren istripuko lekura, baina andrea artatu zuten sendagileek ezin izan zuten hura laguntzerik izan, ordurako hilik zegoelako. Ertzaintzak Oiartzungo irteera itxita mantendu zuen ordu pare batez, gertaturikoaren nondik norakoak ikertzeko.

Nafarroan, kamioi batek garraiatzen zuen harri, hormigoi eta obra hondakinez osaturiko zama galdu zuen. Ondorioz, pertsona bat arin zauritu zen Ezkirotz eta Zizur arteko A-15 errepidean, Donostiara bidean, eta beste bederatzi ibilgailuk ere kalteak jasan zituzten. Foruzaingoak jakinarazi duenez, gertaera 10:55ean izan zen. Kaltetutako ibilgailuak inguruko gasolindegi batera eraman zituzten, eta gidarietako bat artatu zuten hara joandako larrialdi zerbitzuek.

Halaber, Foruzaingoak zirkulazioa berrantolatu zuen. Errepidetik hondakinak kentzeko, Audenasa joan zen, Nafarroako autobideen zaintzaz arduratzen den enpresa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.