Intxaurrondoko Garro kaleko lau solairuko etxe bateko hirugarrenean hasi da sua 00:30 aldera. Emakumea laugarren solairuan bizi zen, eta eskaileratik jaisten saiatu da, baina, ordurako, beroak eta keak hartua zuten. Emakumeak 62 urte zituen, eta han bertan hil da.
Etxean zeuden gainerako senideak balkoian hartu dute babesa, eta suhiltzaileek erreskatatu dituzte. Lehen bi solairuetako biztanleak euren kabuz atera ahal izan dira eraikinetik. Beste zazpi pertsona eraman dituzte erietxera, kea arnastu dutelako.
Hiru ordu behar izan dute suhiltzaileek sua itzaltzeko. Oraindik ez dakite zerk piztu duen sua.
Hiru zauritu Bermeon
Bermeoko (Bizkaia) Almika errepideko etxebizitza batean ere sua piztu da gauean, baina, zorionez, ez da horren larria izan. Edonola ere, hiru pertsona artatu behar izan dituzte herriko osasun etxean.