Ezbeharra izan zen atzo gauean Zallan (Bizkaia): GueƱes (Bizkaia) aldera zihoan auto bat errepidetik atera zen 23:00 aldera, eta farol bat jo zuen. Kolpearen ondorioz, farola erori egin zen, eta espaloian zegoen emakume bat jo zuen. Larrialdi zerbitzuak 67 urteko emakumea salbatzen ahalegindu ziren, baina hil egin zen. Berarekin senide bat zegoen, eta ospitalera eraman behar izan zuten antsietateak jota.
Gidaria, berriz, atxilotu egin zuten. Izan ere, ez zeukan gidabaimenik eta edanda gidatzen ari zen. Atxilotua 25 urteko gizonezko bat da, eta bide segurtasunaren aurkako delitua eta zuhurtziagabekeriazko homizidio delitua egozten dizkiote.