Emakume bat hilda aurkitu dute Tolosan, indarkeria arrastoekin

Herenegun aurkitu zuten hilotz emakumea bere etxean; senar ohiak urruntze agindua zuen.

2006ko irailaren 2a
18:56
Entzun

Tolosako (Gipuzkoa) Santa Maria kaleko etxebizitza batean emakume baten gorpua aurkitu zuten herenegun arratsaldean indarkeria arrastoekin, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak azaldutakoaren arabera. R. C. G. 46 urteko emakumea da hildakoa eta atzo burutu zuten gorpuaren autopsia, Donostian. 17 eta 19 urte bitarteko bi seme-alaba gazte zituen emakumeak. Lehen susmoek emakumeak bere buruaz beste egin zuela zioten, baina, indarkeria arrastoak zituela jakiterakoan, emakumea erail duten hipotesiak indarra hartu du.

Senarrarekin bereizita zegoen hildakoa. Senar ohiak urruntze agindua zuen, baina azkenaldian Tolosaldean ikusten zuten.

Ertzaintzak eta Tolosako Udaltzaingoak ez dute ikerkuntzei buruzko informaziorik eman, «sumarioko sekretua delako». Herrizaingo Sailak ez du heriotzari buruz dituen hipotesien berri eman nahi izan, autopsiaren emaitzak jakin arte. Bitartean, atzo, goiz guztian zehar Ertzaintza hildakoaren etxebizitzan izan zen, ikerketa burutzen. Etxebizitza ez ezik inguruak ere miatu zituzten; esaterako, Oria ibaian arakatzen aritu ziren.

ELKARRETARATZEA GAUR. Gertaera horren aurrean Tolosaldeako Bilgune Feministak elkarretaratzea egingo du, gaur, 12:00etan, Tolosako udaletxearen aurrean. Tratu txarrak heriotzara eramaten gaitu lelopean egingo dute elkarretaratzea. Batasunak bat egin du elkarretaratzearekin eta hara joateko deia egin du.

«Buruaz beste eginda, edo erailketa izanda ere, emakumea hil egin dute», adierazi du Bilgune Feministak. «Ustez, eta bizilagunen arabera emakume honek tratu txarrak eta mehatxuak telefonoz jasotzen zituen, eta salaketa bat bederen, jarri zion senar ohiari», gaineratu du Emakumeen Eskubideen Aldeko Plataformak.

Erailketa dela benetan ziurtatuko balitz, beste ekintza batzuk ere egingo dituztela gehitu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.