Emakumeen kontrako indarkeria

Emakume bat jo eta haren 17 hilabeteko alaba leihotik bota duelakoan gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen

Berri agentzien arabera, emakumezkoa, umea eta gizonezkoa erietxean daude. Haurra larri dago, eta gizonezkoa atxilotuta daukate. Asteartean elkarretaratzea egingo dute, Andre Maria Zuriaren plazan, 19:30ean.

Gurutzetako erietxera eraman dute urte eta erdiko haurra.
2016ko urtarrilaren 25a
07:14
Entzun

30 urteko gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen, goizaldean, emakume bat jo eta haren urte eta erdiko alaba aurreneko pisuko leihotik bota duelakoan. Haurrak gorputzean eta buruan kolpeak dituela azaldu dute osasun zerbitzuek.

Ertzaintzak berri agentziei esan dienez, emakumeak ere jo du gizonezkoa, eta gizonak andrearen urte eta erdiko alaba leihotik bota du. Bikotea istiluka eta builaka aritu dela azaldu dute, baina ez dute zehaztu gertaerak nola izan diren zehazki. Askatasuna kalean gertatu da, 14. zenbakian, 03:40 aldean.

Erietxera eraman dituzte hirurak; gizonezkoa, atxilotuta. Umea Santiago ospitalera eraman dute, baina zauri larriak zituela ikusi eta gero Gurutzetako erietxera eraman dute, Bizkaira. Zaintza Intentsiboen Unitatean daukate.

Amak 18 urte ditu, eta Txagorritxun dago, zauriturik hura ere. Gizonezkoa, berriz, Santiagoko erietxera eraman dute. Ertzaintzaren esanetan, bere burua zauritzen ahalegindu da.

Gertaeren lekua hesituta eduki dute, eta frogak hartzen aritu dira ertzainak.

Gasteizko Plataforma Feministak dagoeneko antolatu du protesta, indarkeria matxista salatzeko. Asteartean egingo dute, 19:30ean, Andre Maria Zuriaren plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.