Haurdun zegoen emakume bat hil zen atzo goizean Bilbon, ordu batzuk lehenago laugarren solairuko etxeko leihotik jausi eta gero. Ezbeharra Irala auzoan jazo zen. Ertzaintzak, handik gutxira, hildakoaren bikotekidea atxilotu zuen, jazotakoan erantzukizunik izan ote zuen edo ez aztertzeko. Hala ere, oraindik ez dira argitu emakumearen erorketaren arrazoiak.
Ertzaintzaren arabera, jatorriz nigeriarra zen 33 urteko emakumea atzo goizaldean zendu zen ordu batzuk arinago etxeko leihotik jausitakoan jasandako zauri larrien ondorioz.Agiri horretan argitzen zen hildakoaren bikotekideak bazituela aurrekariak «emakumea lehen ere hainbatetan jipoitzeagatik», eta atxilotu egin zutela erantzukizunik ba ote zuen argitzeko. Ertzaintzaren oharrak dioenez, «lekuan bertan jasotako lehenengo aztarnek erakusten dute emakumearen erorketa gertatu baino apur bat arinago beste eraso bat jasan zuela bere bikotekidearen eskutik».SOS Deiak-ek goizeko 01:00etan jaso zuen deia jazotakoaren berri emateko. Bertara joandako anbulantziakoek berehala jaso zuten emakumea eta bizirik eraman zuren Basurtuko Ospitalera. Hala ere, zauriak larriegiak ziren eta handik ordu batzuetara, 06:00ak aldera, zendu zen emakumea.
Eusko Jaurlaritzaren salaketa
Eusko Jaurlaritzak jazotakoa deitoratu egin zuen eta, Miren Azkarate bozeramailearen berbetan, argi utzi zuen: «Modernotasunean bizi nahi duen herri batek ezin du zirkinik ere egin gabe gelditu bere baitan emakumeak jipoitzen eta beren buruaz beste egitera bultzatzen dituztenean». Azkaratek azpimarratu zuenez, «ez da hau ustekabeko gertakaria izan, bikote-lagunak tratu txarrak eragiteagatik aurrekariak zituelako».
Bere ustez, «emakumeen kontrako jazarpena gizarte modernoaren gaitzetako bat da, baita emakumeon eskubideak aintzat hartu eta berdintasunean bizitzeko gizon batzuek duten ezintasun sinesgaitzaren seinalea ere».
Batasunak ere agiri bat kaleratu zuen jazotakoa salatu eta genero indarkeriaren kontrako neurri eraginkorrak eskatzeko, «orain arte hartu direnek ez baitute eraginkortasunik erakutsi».
Bilbokoa ez zen izan, baina, genero indarkeriagatik Ertzaintzak egunotan atxilotu duen gizon bakarra. Gasteizen, ordu batzuk arinago, ertzainek 21 urteko A.U.G. gaztea atxilotu zuten ustez familia barruan eraso fisikoak eta mehatxuak eragin zituelako. Astelehenean, 20:30 aldera, emakume batek komisariara deitu zuen bikote-lagunak jipoitu egin zuelako. Azaldu zuenez, elkarrenak izandako ondasunak banatzen ari zirela jazo zen erasoa. Jipoitu ez ezik, gizonak hil egingo zuela mehatxu egin zion, behin eta berriro.
Ertzainek gizona atxilotu zuten, ez bakarrik biktimak adierazitakoagatik, baita arinago ere antzeko salaketak izan zituelako, eta neskak senargai-ohia berarengandik urrun zezaten eskatuz ere, auzitara jo zuelako.