Emakume bat zigortu dute, beste bat prostituzioan aritzera behartzeagatik

Immigrazio klandestinoa bultzatzea ere egotzi diote. Fiskaltzak 64 urteko zigorra eskatu zuen emakumearentzat, baina epaileak errugabetzat jo du 11 delitutan.

NAV AMNISTÕA PROTESTAS
Nafarroako Auzitegia, Iruñean, artxiboko irudi batean. IÑAKI PORTO / EFE
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko martxoaren 14a
13:40
Entzun

Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak bi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio 42 urteko emakume bati, 18 urteko neska bat Iruñean prostituzioan aritzera behartzeagatik. Horrez gain, 20.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio, eta ezingo da neskarengandik 200 metro baino hurbilago egon edo harekin harremanetan jarri bost urtez.

Auzitegiak bi urteko zigorra eta 3.600 euroko isuna ezarri dio prostituzioan aritzera behartzeagatik. Immigrazio klandestinoa bultzatzea ere egotzi diote, eta hiru hilabeteko zigorra ezarri. Bi emakumeak Paraguaikoak dira.

Epaileak frogatutzat jo du emakumea «prekaritate egoeran» dagoen gazte «zaurgarri» batekin harremanetan jarri zela, eta Iruñera lanera joatea eskaini ziola. Adinekoak zainduko zituela esan zion. 2010ean iritsi zen gaztea Iruñera, eta emakumeak esan zion bidaia txartelen dirua zor ziola: 3.000 euro. Diru hori itzultzeko, prostituzioan aritzera behartu zuen neska, 18 urterekin; hamabost egun egon zen emakumearen etxean, alde egin zuen arte.

Epaileak errugabetzat jo du emakumea beste 11 delitutan: besteak beste, sexu esplotaziorako asmoz gizakien salerosketan aritzea eta mehatxu arinak egitea egozten zioten delitu horietan. Delitu horiengatik, fiskaltzak 64 urte eta bi hilabeteko zigorra eskatu zuen emakumearentzat. 63 eta 50 urteko beste bi gizon ere errugabetu dituzte, Nafarroakoak. Fiskaltzak bederatzi urteko zigorra eskatu zuen lehenengoarentzat, gizakien salerosketagatik, eta beste hamar hilabetekoa «immigrazio irregularrarekin» lotutako delituengatik. Bigarrenarentzat, berriz, bederatzi urteko zigorra eskatu zuen, pertsonen salerosketan aritzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.