Emakume batek bortxaketa bat salatu du Abetxukon, Gasteizen. Igande iluntzean gertatu zen. Labanaz mehatxatu eta bortxatu ostean, erasotzaileak ihesari eman zion, Vocento taldeak jasoa duenez. Emakumeak polizia etxera jo zuen, salaketa jartzera. Erasoa jasandakoa emakume transexuala da.
Ikusgune LGTBIfobiaren aurkako taldeak babes osoa helarazi dio emakumeari, eta eskura dituen baliabideak eskaini dizkio.
Gogora ekarri du azken eraso horrekin hamabost intzidentzia erregistratu dituela behatokiak maiatzetik. Homofobikoak bost, lesbofobikoak bi eta transfobikoak zortzi. Datuen argitara, Ikusguneren ustez «argi dago trans kolektiboaren aurkako etsaitasuna dela, hain zuzen ere, azken hilabeteetan gehien handitu dena».
Ikusgunek uste du «goraldi LGTBI+fobiko bat» dagoela. Ohar bidez salatu duenez, «inoiz baino beharrezkoagoa da indarrak biderkatzea erasoaren ataria diren diskurtsoak amaitzeko». Ikusguren esanetan, «gorroto diskurtso eta erasoen atzean kolektibo oso bati zuzentzen zaion mezu bat ezkutatzen da, eta horrek jendarte osoa interpelatzen du». Dei egin dute eraso LGTBIfobikoei erantzun kolektiboak ematera.