Emakumeek emakume izate hutsagatik jasaten dituzten eraso guztiak dira genero indarkeria, erasotzailearen eta biktimaren arteko bikote harremanik egon ez arren. Hala ebatzi du Espainiako Auzitegi Goreneko Bigarren aretoak.
Bikotekide ohiari tratu txarrak eragin eta hura hiltzen saiatzeagatik 11 urte eta erdiko espetxe zigorra ezarria zioten gizon batek jarritako helegiteari emandako erantzuna da Gorenaren epaia.
Auzipetuak salatu zuen bi astungarri ezarri zizkiotela zigorra ebazteko orduan: ahaidetasuna, batetik, eta generoa, bestetik. Horrela, espetxe zigor gogorragoa ezarri zioten. Akusatuaren abokatuak zalantzan jarri zuen bi astungarriak bateragarriak ote ziren.
Orain, Gorenak berretsi du ahaidetasuna egoteko nolabaiteko harremana egon behar duela biktimaren eta erasotzailearen artean, baina ez, ordea, genero indarkeriarako, eta, beraz, bi egoerak bateragarriak lirateke.