Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, salatu dute atzo goizeko 07:30ean gertatu zela erasoa. Ibarrako Udalak eta Ibarrako jaietako batzordeak idatzi duten ohar baten arabera, emakumea Ibarrako festetatik etxera bidean zen aurpegia estalia zuen gizon batek eraso zionean. Emakumeak sexu erasotik defendatu eta hainbat bizilagun ohartarazi zituenean, erasotzaileak ihes egin zuen.
Jesus Peñagarikano Ibarrako alkateak BERRIAri jakinarazi dio Ibarrako Udalak eta herriak erasoa "gogor" salatu dutela: Ibarrako kuadrillek elkarretaratzea egin zuten atzo, eta Ibarrako Udalak eta jaietako batzordeak agiri bat plazaratu zuten. Haien ustez, eraso hori ez da izan “gertakizun bakartua”, eta horren erantzukizuna “matxismoak” eta “gizarte patriarkal eta kapitalistak” dauka. Horregatik, azaldu dute “biolentzia matxista” desagerrarazteko modu bakarra kapitalismo patriarkalarekin bukatzea dela: "Hamaika neurri hartu ditzakegu erasoen aurka, baina jatorriarekin bukatu arte ez dugu indarkeria sexistarekin bukatuko".
Ertzaintzak ikerketa bat hasi zuen salaketa jaso aurretik, sexu erasoa sexu askatasunaren kontrako delitua delako. Joan den urtean antzeko eraso bat salatu zuen Bilgune Feministak: gizon batek Ibarrako festetatik etxera bueltatzen ari zen emakume bati eraso egin zion Tolosan, andreak bizilagunak ohartarazi zituen, eta erasotzaileak ihes egin zuen.