INDARKERIA MATXISTA

Emakume bati eraso diote Legorretan, kalean

Bart gauean gertatu da erasoa, eta lekuko batzuek eman diote abisua Ertzaintzari. Atxilotu egin dute emakumearen bikotekidea, 33 urtekoa. Talde feministak protesta antolatu du, eta udalak bat egin du.

Eraso matxista bat salatzeko elkarretaratze bat, iaz, Legorretan. GORKA RUBIO, FOKU
2020ko irailaren 18a
17:25
Entzun

Herrian izandako eraso matxista baten berri eman du Legorretako Udalak: jakinarazi du bart gauean emakume bati eraso ziotela. Ertzaintzako iturriek BERRIAri azaldu diotenez, 33 urteko gizonezko bat atzeman zuten, bikotekideari eraso egitea leporatuta. Kalean gertatu zen erasoa, 22:40 aldera, eta hainbat lekukok ikusi zuten. Haiek eman zioten abisu Poliziari.

Hain justu, «herritarrek izandako jarrera» goraipatu du Legorretako Udalak. Udaleko bi taldeek adierazpen bat izenpetu dute: erasoa jasandako emakumeari babesa agertu diote, eta gogora ekarri dute bart gaueko erasoa ez dela «kasu isolatu gisa hartu beharrekoa», egiturazko arazoa baizik. «Guzti-guztien zeregina da indarkeria horri aurre egitea. Erakundeena, haien lana baita indarkeria hori saihesteko bideak jartzea, prebentzio lana egitea, eta biktimak babestea. Eta baita herritarrena ere: isilik ez geratuz, erasotzaileen jarduna salatuz, eta biktimak errespetatuz eta zainduz».

Legorretako talde feministak protesta antolatu du arratsalderako, eta udalak bat egin du deialdiarekin: 19:30ean, plazan. Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin du deialdiarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.