AZAROAren 25a

Emakume gazteen aurkako indarkeria bereziki kontutan izango du Eusko Legebiltzarrak

Gipuzkoako Batzar Orokorrean emakumeek indarkeriarik gabe bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu dute. Mugimendu feministak deituta 20:00etan manifestaldia abiatuko da Bilboko Arriaga antzokitik. 

2011ko azaroaren 25a
16:41
Entzun

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunean Eusko Legebiltzarrak indarkeria pairatzen duten emakumeekiko duen konpromisoa berretsi du; bereziki gazteei begira. Izan ere, bikote harremanen barruan indarkeria sexista jasaten duten andreen gaztetasunak kezka eragin du erakunde publikoetan.

Legebiltzarrak eremu honetan lan egingo duela adierazi du, "berdintasunaren aldeko eta genero indarkeriaren aurkako jarrera aktibo eta koordinatua" hartuz. Aurten gazteriari zuzendu nahi diote mezua, ez soilik indarkeriaz hitzegiteko baizik eta askatasunean, autonomian eta berdintasunean oinarritutako harremanak eraikitzearen garrantzia azpimarratzeko. 

Legebiltzarrean irakurritako agirian, gazteriarekin lan egiteko asmoa azpimarratu dute, "eguneroko jarrera txiki horiek gizarte berdinago bat eraikitzen laguntzen dutelako". Nesken artean euren autonomia bermatzen duten jarrerak bultzatu nahi dituzte, "oztopo eta estereotipo sexistekin apurtzeko"; eta mutilen artean "matxismoaren legitimazio eza" babesten duten jarrerak bultzatu, "gizontasun eredu hegemonikotik" urrun. 

Asteon plazaratutako estatistikak bat datoz adinari dagokionez. Bizkaian, aldundiaren Genero Indarkeriaren Behatokiaren arabera, 2010ean salaketa jarritako emakumeen %70ak 40 urte baino gutxiago zituen, eta %30ak, 18 eta 30 urte bitartean. Nafarroako Gobernuak antzeko zifrak eman ditu 2011ko salaketez: 34 urtez azpikoak ziren %48.

Mugimendu feministak deituta 20:00etan manifestaldia abiatuko da Bilboko Arriaga antzokitik. 

Gipuzkoako Batzar Orokorrean agerraldia

Emakumeek indarkeriarik gabe bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu dute Gipuzkoako talde politiko guztiek eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, egun honetan egin duten agerraldian.

Batzar Orokorrak urtea hasi zenetik Euskal Herrian genero indarkeriaren ondorioz zazpi emakume hil direla gogoratu du eta edonolako indarkeriarik salatu, "izan fisiko, psikologiko edo morala". Eraso hauen aurka etengabean diharduteko konpromezua erakutsi dute, biktima eta erakundeekin elkarlanean; "indarrak bategitea delako indarkeri zantzuak ezabatzeko bide bakarra".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.