Emakume haurdun bati erasotzea egotzita, atxilo

Barakaldon izan da atxiloketa; beste hiru gizon ere atzeman dituzte, ustez genero indarkeriagatik

Astelehen Lilen elkarretaratzea, atzo, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA  / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Beriainen (Nafarroa) hilda azaldutako emakumea izan zuten atzo gogoan Astelehen Lilako ordezkariek Iruñean egindako elkarretaratzean. Horrekin batera, gogoan izan zituzten genero indarkeriagatik Nafarroan hil diren emakumeak.

Asteburuan lau gizon atxilotu dituzte emakumeen aurkako indarkeria leporatuta. Kasuetako batean biktima haurdun dagoela jakinarazi du Ertzaintzak.

Eraso hori igandean gertatu zen, Barakaldon (Bizkaia). Herrizaingo Sailak emandako datuen arabera, ustezkoerasotzaileak bikotekideari lepotik heldu eta jo egin zuen. Emakumeak ihes egitea lortu zuen, eta bizilagun baten etxean gorde zen. Handik deitu zien ertzainei. Bizilagunak kargu hartu zion geroago ustezko erasotzaileari, eta berari ere jazarri zitzaion.

Gasteizen 37 urteko gizon bat atxilotu zuten larunbatean, ustez alabaren aurrean bikotekideari erasotzeagatik. 03:30 inguruan Ertzaintzak dei bat jaso zuen, Cola y Goiti kaleko etxebizitza batean bikote bat eztabaidanari zela esanez. Biktimaren alabak azaldu zienez, bikotekideak amari eraso egin zion. Emakumeak zauriak zituen gorputzean,eta Santiago erietxera eraman zuten.

Larunbatean beste atxiloketa bat izan zen, Donostiako Herrera auzoan. Ertzaintzak 25 urteko gazte bat atzeman zuen, bikotekideari mehatxu egin ziolakoan. Haren etxean kalteak eragitea ere egozten diote. Emakumeak berak deitu zien ertzainei, eta azaldu zienez eztabaida izan, eta bikotekideak eraso egin zion. Antza, ez zen eraso egiten zion lehen aldia.Etxetik gertu atxilotu zuten gizona.

Prostituta batzuei mehatxu egitea egotzita, berriz, 30 urteko gizon bat atzeman dute Gasteizko udaltzainek. Igande goizean izan zen atxiloketa, 11:30ak inguruan. Biktimak Zadorra hiribidean zeuden, eta ustez atxilotuak dirua eskatu zien.Udaltzainek jakitera eman dutenez, ematen ez bazioten eraso egingo ziela egin zien mehatxu. Labana bat ere atera zuen poltsikotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.