Nuria Seller (kooperantea)

"Emakume kongoar askok normaltzat ikusten dute sexu indarkeria pairatzea"

Bizkaiko Medicus Mundiko kideak egonaldi bat egin du Euskal Herrian Kongoko Errepublika Demokratikora itzuli baino lehen; baliabideen aldetik herrialde aberatsa izan arren, oinarrizko zerbitzuak bermatu gabe daudela dio.

Nuria Seller Bizkaiko Medicus Mundiren egoitzan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
gotzon hermosilla
2014ko urtarrilaren 26a
08:04
Entzun

Nuria Seller Alvarez (Merida, Espainia, 1981) biologian lizentziatua da, baina kooperaziora emana bizi da, eta arlo horretan aritu da aspalditik. Nikaraguan eta Senegalen bolada bana egin ostean, Bizkaiko Medicus Mundi elkartearekin harremanetan jarri zen, eta elkarte horrek Kongoko Errepublika Demokratikoan dituen programen koordinatzailea da 2013ko ekainetik.

Kongotik bueltan, Euskal Herrian egon da egunotan, herrialde hartako errealitatearen berri emateko asmoz, baina laster itzuliko da Afrikara.

Ikasten ari zinelarik argi zeneukan kooperazioaren arloan arituko zinela?

Ez. Nik biologia ikasi nuen, eta Extremadurako Unibertsitatean (Espainia) nengoela, Farmamundi izeneko Gobernuz Kanpoko Erakundea ezagutu nuen. Ikastaro batzuk antolatzen zituzten, eta modu horretara sartu nintzen lehenengo aldiz kooperazioaren arloan. Dena dela, nik beti eduki dut Afrikara joateko gogoa, eta ikasten ari nintzela Frantziara joan nintzen, Erasmus beka bati esker, frantsesa ikasi nahi nuelako Afrikan baliagarria izango zitzaidalakoan. Etxera bueltatu nintzenean, master bat egin nuen nazioarteko kooperazioaz. Horren praktikak Nikaraguan egin nituen.

Nikaraguatik itzulita, Senegalera joan zinen. Nolako lana egin zenuen han?

Lehenengo aldiz joan nintzenean, Extremadurako Kooperaziorako Agentziaren beka bati esker izan zen, hiru hilabeterako. Han zegoen talde teknikoari laguntzea zen nire eginkizuna, baina ez geneukan inolako erantzukizunik, bekadun soilak ginelako. Hala ere, proiektuen garapenaz gauza asko ikasi nuen. Itzulitakoan, gizarte ekintzan egin nuen lan, baina aukera agertu bezain pronto Senegalera itzuli nintzen eta urtebete eman nuen. Hango proiektu gehienak oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko bideak jartzera zuzenduta zeuden: osasuna, irakaskuntza eta abar. Nik, biologoa izaki, batez ere osasungintzarekin zerikusia zuten proiektuetan hartzen nuen parte.

Nola sartu zinen Medicus Mundi elkartean?

Lehenengo harremana 2009an izan zen, Extremadurako Medicus Mundirekin, tropikoetako medikuntza ikastaro batean. Geroago, 2013ko martxoan, jakin nuen Bizkaiko Medicus Mundik pertsona bat bilatzen zuela nire moduko profilarekin, eta haiekin jarri nintzen harremanetan.

Bizkaiko Medicus Mundik non egiten du lan?

Saharaz hegoaldeko Afrikako hiru herrialdetan: Ruandan, Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Ginea Bissaun, nahiz eta azken hori 2014ean utzi behar izango dugun diru faltagatik, eta Latinoamerikako bi herrialdetan, Hondurasen eta Guatemalan.

Zu 2013ko ekainean iritsi zinen Kongoko Errepublika Demokratikora. Nolako egoera aurkitu zenuen?

Gu Kinshasan gaude, hiriburuan. Hango egoera definitzeko, tentsioz beteriko egonkortasuna dagoela esango nuke. Gatazka armatua ekialdean dago, eta Kinshasaraino ez da iristen, nahiz eta azken bolada honetan istilu larriak egon diren, baina, berez, ez dago arazo handirik. Horrek ez du esan nahi tentsiorik ez dagoenik. Han lan egiten dugun atzerritarrok segurtasun neurri zorrotzak ditugu.

Non egiten duzue lan?

Kinshasa hiriburuko hiru gunetan, Kisenso, Ngaba eta Matete izenekoetan. Kinshasa hamar miloi biztanle dituen hiri handia da. Erdiguneak iparraldeko edozein hiri handiren itxura dauka, eta, hango kaleetan zoazela, New Yorken egotearen sentsazioa duzu: eraikin handiak daude, banku eta enpresa handiekin, baina aldirietako auzoak oso desberdinak dira. Ez dago urik, ez dago oinarrizko zerbitzuak lortzerik eta abar. Lehen aipatutako hiru gune horiek aldirietan daude. Duela gutxi beste eskualde batean ere hasi gara lanean, Kongo Beherean, Kinshasarekin muga egiten duen landa giroko alderdian. Eskualde hori da herrialde osoan itsasorako irtenbidea duen bakarra. Errepide luze bat du, Matadiko portua eta Kinshasa lotzen dituena eta salerosgaiak garraiatzeko erabiltzen dena.

Zeintzuk dira zuen lanaren ardatzak?

Batez ere, bi. Alde batetik, osasun sistema publikoa indartzeko egiten dugu lan, zuzenean ministerioarekin elkarlanean, eta, beste aldetik, gobernuz kanpoko hango erakunde batekin batera lan egiten dugu sexu indarkeriaren kontra.

Sexu indarkeria arazo larria da, baina, hemen behintzat, gatazka armatuari lotutako zerbait aurkeztu ohi da. Hala da?

Kongo Beherea da laugarren eskualdea sexu-indarkeria kasu gehien dituzten eskualdeen zerrendan, baina han ez dago gatazka armaturik. Oso larria da hori, kontuan hartuta Kongoko Errepublika Demokratikoa dela sexu indarkeria gehien duen munduko hirugarren herrialdea. Batzuetan ukatu egiten da Kongo Beherean sexu indarkeria dagoela, baina oso ugaria da, ikaragarria.

Eta zein izan daiteke arrazoia?

Arrazoia ez dago argi. Beharbada arrazoia izan daiteke lehen aipatutako ezaugarria, eskualdea igarobidea izatea eta jende asko han ibiltzea joan-etorrian.

Beraz, gatazka armatua ez da emakumeen kontrako indarkeriaren arrazoi bakarra.

Guk lan egiten dugun eskualdean behintzat argi dago sexu indarkeria ez dagoela gatazkari lotuta. Kongo Beherean badaude eragile armatuak, Angolako muga oso gertu dagoelako, baina ez dago gatazkarik. Horregatik batzuek ukatzen dute han sexu indarkeria dagoela. Sexu indarkeria gerra armatzat hartzen dute, eta, beraz, gerrarik ez dagoen eskualdeetan ezinezkoa iruditzen zaie arazoa hain gordina izatea. Gizarteak zein instituzioek arazoa ukatzen dute edo, bestela, onartuta daukate, zerbait ohikoa eta arrunta balitz bezala ikusten dute. Emakumeek ere normaltzat ikusten dute ur bila joaten direnean bortxatuak izatea. Kisenson, esaterako, ur putzu batzuk eraiki ditugu, jendearentzat eskuragarriagoak direnak. Eta hain xumea ematen duen ekintza horrekin, lortu da sexu erasoen kopurua jaistea.

Beraz, gatazka armatua ez bada bortxaketen kopuru altua esplikatzen duen faktore bakarra, zeintzuk dira faktore horiek?

Guk ere galdera hori egiten diogu gure buruari. Nik uste dut bortxaketa erabiltzen dela boterearen adierazpen gisa, emakumea azpiratzeko tresna gisa. Batzuetan, armatzat erabiltzen da familien arteko edo auzokideen arteko liskarretan: familia batek beste bati eraso egin nahi dionean, familia horretako emakumeak bortxatzen dituzte. Eta, hala ere, horrek ez du dena esplikatzen.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Kongo Beherean, bortxaketa pairatu duten 75 emakume artatu ditugu, eta kasu horietatik sei epaiketara eraman ditugu. Horien artean, denetarik zegoen: kasu batzuetan bortxatzailea herriko maisua zen, edo medikua, edo aita. Guk ere ez dakigu zehatz-mehatz zeintzuk diren arrazoiak, eta, hain zuzen, hori da gure asmoetako bat: hango unibertsitatearekin batera ikerketa bat egitea azalpenak bilatzeko. Argi dago faktore asko daudela: gizarte patriarkala, lege desegokiak, emakumearen gorputzaren banalizatzea eta abar.

Daturik ba al dago sexu erasoen kopuruaren inguruan? Batzuek esaten dute urtean 400.000 emakume bortxatzen dituztela.

Kopuru horiek benetakoak izan daitezke, baina ez dago datu zehatzik. Erietxe batzuetan ez daukate sistema informatikorik datuak jasotzeko, irizpideak ez daude bateratuta eta abar. Hori ere badago gure egitasmoen artean: datu base bateratua antolatu nahi dugu, irizpide berdinekin jokatuta.

Biktimek nola bizi dute egoera hori?

Biktimak baino, guk nahiago dugu esatea sexu indarkeriatik bizirik atera diren emakumeak direla. Nik uste dut bizirik irautearen esapide horrek nolabaiteko indarra adierazten duela, biktima berbak ez daukana. Emakume horiekin lan egitean, lehenengo lana da bortxaketa normaltzat ez hartzea, emakumeek jakin dezaten eraso bidegabe bat jasan dutela, kasu batzuetan ez baita hori gertatzen. Familiarekin ere lan egin behar da, kasu askotan, bortxaketa pairatu duen emakumeak familiaren gaitzespena jasaten baitu eta etxetik bota ere egiten dute. Bi aldiz zigortuak izaten dira. Horretan lan handia egin behar da, baina lehenengo pausoak eman ditugu, eta kontzientziatze lanari esker leku batzuetan hasi dira bortxaketa krimentzat hartzen, kasuak salatzen eta emakumeei sostengua ematen.

Zuek esparru horretan egiten duzue lan zuzenean?

Gure lana bikoitza da: batetik, mediku arreta, bortxatutako emakumeen gaixotasun eta haurdunaldien prebentzioa lehenengo orduetan eta abar. Bestetik, emakume horien gizarteratze eta lan-merkaturatzea ere lantzen ditugu.

Lehen esan duzu sei salaketa jarri dituzuela epaitegietan. Legearen bide horrek fruituak ematen ditu?

Guk 75 emakume artatu ditugu, eta kasu horiek guztiak igaro dira gurekin lan egiten duen erakundearen zerbitzu juridikoetatik, baina salaketa aurkeztu da bakarrik horretarako bidea ikusi izan dugunean. Etsigarri samarra bada, lan pila dagoelako egiteko. Traba ugari aurkitzen ditugu. Legearen aldetik aldaketa positibo batzuk egin dituzte: 2006ko legeak, esaterako, debekatu egiten du bortxatzeaz akusaturikoei behin-behineko askatasuna ematea. Eta, hala ere, askatasuna ematen diete, diru truke betiere. Ez da legezkoa, baina lortzen dute behin-behineko askatasuna erostea.

Sexu indarkeria albo batera utzita, oinarrizko zerbitzuen arloan ere lan egiten duzuela esan duzu lehen.

Bai. Kinshasan, esaterako, kontraesan hori ikusten da: alde batzuetan saltoki garestiak aurkitzen ditugu, munduko hiririk garestienetako bat da, baina, beste aldetik, aldirietako auzoetan ur edo argindarrik ez dago. Gezurra ematen badu ere, amatasun erietxe batzuetan ez dago urik.

Baina, hala ere, Kongo ez da herrialde txiroa. Aberastasun handiak ditu, zura, diamanteak edo koltana adibidez.

Giza garapenaren indizea munduko 188 herrialdetan neurtzen da, eta horietatik, Kongoko Errepublika Demokratikoa 187. postuan dago. Eta, hala ere, baliabideen aldetik Afrikako herrialderik aberatsenetako bat da. Kongo ibaia argindarra sortzeko tresna ikaragarria da, baina argindarra ez da etxeetara iristen. Kontraesan handia da.

Joan den abenduaren 30ko estatu-kolpe saiakera nola ikusi zenuten?

Garai hartan ni ez nengoen han, baina lankideek esan zidatenez, badirudi Joseph Kabila presidentearen aurkari baten saiakera izan zela. Hainbat bertsio daude: batzuek diote erasoa egin zutenek ez zeukatela suzko armarik. Hainbat hiritan batera egin zuten erasoa, Kinshasan ere tiro hotsak entzun ziren, baina nahiko azkar kontrolatu zuten. Egun batzuk geroago beste eraso bat egin zen aireportu batean, baina hori ere azkar kontrolatu zuen Armadak.

Herritarrek nola ikusten dituzte istilu horiek?

Nik uste dut herritarrak ohituta daudela. Beldurra barneratuta daukate, euren bizimoduaren beste osagai bat balitz bezala.

Kongoko Errepublika Demokratikoaren gatazkaz hitz egiten denean, Ruandaren parte hartzea eta iparraldeko potentzia handien interes ekonomikoak aipatzen dira beti. Ez dakit horren inguruan zuk iritzirik ba ote duzun.

Kongoar gehienek pentsatzen dute Ruanda dela euren gaitzen iturburu nagusia. Kabila presidentearen ama ruandarra da, eta estatu kolpea egin zutenek "bere aberriaren alde borrokatu nahi ez duen ruandar hori" botatzea zuten helburu. Horien buruzagia Joseph Mukungubila da, eta horren diskurtsoaren ardatza ruandarren kontrakoa da. Sentimendu hori oso hedatuta dago. Zaila da iritzi bat edukitzea, oso gatazka korapilatsua delako eta informazioa ezkutatzen digutelako. Han egonda ere, ekialdean gertatzen denari buruzko informaziorik ez dago. Begien bistakoa da gatazka koltan eta diamante meategiak dituen eskualdean dagoela, eta hori ez dela kasualitatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.