LGTBI+fobia

Emakume transexual baten kontrako erasoa salatu dute Gasteizen

Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiak salatu duenez, uztailaren 22an eraso fisikoa egin zioten emakume transexual bati, Gasteizen. Lizarran ere eraso homofobo bat salatu dute.

Elkarretaratze bat, Gasteizen, eraso transhomofoboen aurka. JUANAN RUIZ / FOKU
2021eko uztailaren 29a
11:36
Entzun

Emakume transexual baten aurkako erasoa salatu du Ikusgune LGTBI+fobiaren kontrako Behatokiak, Gasteizen. Behatokiak jakinarazi du iragan uztailaren 22an izan zela erasoa, 64 urteko emakumea Gasteizko alde zaharreko taberna batetik ateratzen ari zela. Atera orduko, ezezaguna zitzaion gizonezko bat gerturatu, eta «marikoi zikina» deitu zion, eta, emakumeak atzera begiratu ahala, gizonezkoak hiru ukabilkada eman zizkion, eta lurrera bota.

Ikusgunek jakinarazi du erasoa jasan duen emakumeak Ertzaintzan jarri duela salaketa. Ikusguneren arabera, azken hiru hilabetean hamalau salaketa jaso dituzte LGTBI+fobiarekin lotuta, «eta trans kolektiboa da eraso fisiko, gorrotozko irain eta diskurtso gehien pairatzen ari dena».

Erasoa salatzeko elkarretaratze batera deitu dute bihar Gasteizko E28 Koordinakundeak, Kutxiko Taskeroek eta Gasteiz Txiki auzo elkarteak. Arratsaldeko zazpi eta erdietan izango da, Fariñasen. Ikusgunek, berriz, adi segitzera deitu du, eta edozein eraso dela-eta Ikusgunerekin harremanetan jartzera.

Eraso homofoboa Lizarran

Lizarran ere elkarretaratze batera deitu dute biharko, eraso homofobo bat salatzeko. Euskalerria irratiak jakinarazi duenez, uztailaren 14an gertatu zen erasoa: bi pertsonak beste bat iraindu zuten, La Estellesa konpainiako hiri autobusean. «Marikoi zikina», «gay zikina», «goitik behera zulatuko zaitut», «badakit non bizi zaren» modukoak esan zizkioten. Bi pertsona oihuka hasi zitzaizkion, eta, salatu zutenez, hiri garraioko enpresak ez zuen ezer egin haiei aurre egiteko: «Ez zuen inongo ardurarik hartu, ezta inongo erantzunik eman ere eraso homofobo hori dela eta».

Zerbitzu publikoak eta kaleak aldarrikatu ditu Lizarrako LGTBIQ+ kolektiboak, eta erasoari erantzuteko protesta antolatu dute. Bihar, 20:00etan, Lizarrako Baja Nabarra kalean manifestazioa eginen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.