Emakumeak bahitzen zituen sare bat atzeman dute

Atzerriko emakumeak prostituitzera behartzea egotzita hamahiru lagun atxilotu dituzte Nafarroa eta Gipuzkoan

Erredakzioa
Donostia
2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Guardia Zibilak hamahiru gizonezko atxilotu eta beste sei inputatu ditu Nafarroan eta Gipuzkoan, emakumeen trafikoan aritzea leporatuta. Poliziaren arabera, emakume atzerritarrak bahitzen zituen talde horrek, gero Nafarroako hainbat klubetan prostituzioan ari zitezen. Horrez gain, droga trafikoan aritzea eta komenientziazko ezkontzak egitea ere leporatu diete.

Emakumeak legez kanpo bahitzen zituzten Brasildik eta Dominikar Errepublikatik, Poliziaren oharrak dioenez. Lana izango zutela agintzen zieten emakumeei, baina ondoren prostituzioan aritzera behartzen zituzten. Estatuan sartu ahal izateko, eskala eginarazten zieten munduko hainbat aireportutan.

Tafallan (Nafarroa) atxilotu ditu Poliziak pertsona gehien: bederatzi; horietatik hiru inputatu dituzte. Beste bi Lizarran atzeman dituzte, bat Cintruenigon, eta beste bat Donostian. Guardia Zibilaren arabera, erakundea hierarkikoki antolatuta zegoen, eta pertsona bakoitzak bere ardura zuen taldearen barruan. Talde bat Brasilen bertan bizi zen, hango «emakumeen bizi-maila kaskarra baliatuz engainatzeko», Poliziaren ustez.

Arrieros izeneko ikerketa iazko ekainean abiatu zuen Poliziak. Prostituzio etxeetan egindako ikuskapenak aztertzen hastean, emakume batek eginiko adierazpenak hartu zituen aintzat ikerketa martxan jartzeko. Emakume hark prostituzio etxe batean lan egiten zuen, eta sexu gehiegikeriak eta lan baldintza kaskarrak salatu zituen.

Genero indarkeria salaketak

Genero indarkeriari lotuta, lau gizon atxilotu ditu Poliziak azken orduetan. Gasteizen 47 urteko gizon bat atxilo eraman dute, bikotekide ohiari kalean belarrondoko bat jotzea egotzita. Udaltzaingoaren arabera, emakumeak irainak ere jaso ditu, eta ez da izan lehendabiziko aldia.

Beste hiru atxiloketak Gipuzkoan egin dituzte, urruntze aginduak hautsi dituztelakoan. Donostian, 40 urteko gizon bat bikotekide ohiarengana hurbiltzen saiatu da Easo plazan. Errenterian, 47 urteko gizon bat atxilotu dute emazte ohiarengana joateagatik. Eta Lasarte-Orian, bikotekide ohiaren etxean harrapatu du Ertzaintzak urruntze agindua zuen 34 urteko gizon bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.