Emakumeen mundu martxa

'Emakumeak, lurra eta ekologia' gaitzat hartuta Arabatik Nafarroara joan da gaur Emakumeen Mundu Martxa

Atzo iritsi zen Euskal Herrira Emakumeen Mundu Martxa, eta lau egun pasatuko ditu gurean. Gaurko eguna Laudion abiatu dute, handik Amurriora joan dira, Amurriotik Gasteizera, eta Gasteiztik Lizarrara. Gero, Sakanara joango dira, eta handik Iruñera.

2005eko maiatzaren 25a
17:09
Entzun
Emakumeak, lurra eta ekologia dute gaurko gaia, eta Arantza Arrien EHNEko kideak esan duenez "mugimendu feministak ikuspegi ekologista barneratu beharra dauka". Munduko elikaduraren %80 emakumeen esku dagoela esan du, eta beraz, emakumeek asko dutela esateko.

Ildo horretatik joan dira Gasteizen egin dituzten tailerrak ere. Hazien, konpostajearen eta etxeko produktu toxikagarrien inguruko ikastaroak izan dituzte. Andre Mari Zuriaren plazan, berotan egin dituzte tailerrak, itzalik gabe.

Emakumeek sufritzen duten indarkeria eta pobrezia salatzeaz gainera, egoera horiek gainditzeko proposamenak egin eta mahai gainean ipini nahi dituzte. Hori da Emakumeen Mundu Martxaren asmoa. Atzoz geroztik Euskal Herrian dago, Galiziako emakumeei lekukoa hartu ostean. Bost kontinenteetako 45 herrialde zeharkatuko dituen ekimen feminista Euskal Herrian izango da ostiralera arte.

Martxaren lekukoa mendebaldeko muturretik heldu zen Euskal Herrira, Karrantzara (Bizkaia), goizeko 10:20 aldera. Galiziarrek zain zituzten herriko plazan emakume asko. Gazteak ziren gehienak, inguruko ikastetxeetako ikasleak, ekimenarekin bat egitera joandakoak. Eta haiekin batera, Euskal Herriko plataforma osatzen duten elkarte eta erakundeetako emakumeak. Bandera asko ere bai: ikurrinak, feministen bandera moreak eta martxaren bandera arrosak. Martxari ongi etorria irrintziekin eta aurreskuaren doinuekin egin zioten.Martxoaren 8an Brasilgo Sao Paulo hiritik atera zen lekukoa Euskal Herrian da, beraz. Oihalean margotutako martxaren ikurra zenari, puska bana erantsiz joan zaizkie lekukoa hartu duten herrialdeetako emakumeak. Euskal Herriko emakumeek ostiralean ipiniko dute eurena. Urrian Burkina Fassora (Afrika) ailegatzen denerako, lekuan lekuko emakumeen arazoak, nahiak eta borrokak bilduko ditu oihal puskez osatutako lekuko luzeak.

Lekukoa, autobusez Galiziatik lekukoarekin etorritako emakumeei hamaiketakoa eskaini zieten Karrantzan bertan EHNEko baserritarrek. Handik autobusez eraman zuten lekukoa plataformako kideek eta hari jarraiki, gainerako emakumeek autoz zeharkatu zituzten Meatzaldea eta Ezkerraldeko herriak, Portugaleteraino. Bertan, Bizkaiko Zubiaren ondoan ontzian sartu eta Bilbora arteko ibilbidea urez egin zuten. Athletic taldeko emakume futbolariek Espainiako Super Liga irabazi zutenean ez zuten Ibaizabal ibaia gabarraz igo; haatik, gizonek Espainiako Liga irabazi duten bi alditan gabarra atera dute. Horregatik, hori salatu nahian, emakume feministek gabarra atera zuten Bilboko uretan. Ia hiru ordu laurdeneko atzerapenaz ailegatu ziren eta Areatzako zubian ehunka emakume zituzten zain. Soka batez sarea egin zuten arbolak lotuz, eta emakumeek idatzitako mezuak ipini zituzten, eskegita.

Asko dira, bestalde, martxarekin bat egin duten eragileak. Amnistiaren aldeko mugimenduak, esaterako, agerraldia egin zuen atzo. Euskal Herrian emakume preso politikoak kontuan hartu eta haien eskubideak aldarrikatzea ezinbestekoa dela esan zuten. Bat egin zuten, gainera, ostegunean Martuteneko espetxean (Gipuzkoa) izango den elkarretaratzearekin. Nazio Garapenerako Biltzarrak ere babestu du Emakumeen Mundu Martxa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.