Emakumeak sexualki esplotatzea egotzita, sei lagun atzeman dituzte

Bilbon eta Barakaldon egin dituzte atxiloketak; hamasei emakume prostituitzera behartzea leporatu diete atxilotuei

Erredakzioa
Bilbo
2012ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Hamasei emakume prostituitzera behartzen zituztelakoan, sei pertsona atxilotu ditu Espainiako Poliziak Bilbon eta Barakaldon. Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzak ohar batean jakinarazi duenez, sei atxilotuek talde bat osatzen zuten Bilbo inguruan, eta hainbat emakume atzerritar prostituitzera behartzen zituzten. Azaldu dutenez, atxilotuek pasaporteak kentzen zizkieten andreei, eta drogak hartzera behartzen zituzten prostituzioan jarduteko. Emakume horietako batzuk paperik gabe zeuden, eta egoera horretarako indarrean dagoen legedia aplikatuko diete. Poliziaren arabera, operazioak zabalik jarraitzen du, eta Interpolekin elkarlanean ari dira, emakumeen jatorri bereko pertsonaren edo talderen batek kasuarekin zerikusirik baduen argitzeko.

Poliziak apirilaren 23an egin zituen atxiloketak, Bilbon eta Barkaldon. Poliziak susmoa zuen Bilboko Deustu auzoko lokal bat prostituzio etxe moduan erabiltzen ari zirela. Apirilaren 22an lokalera sartu ziren; bi emakume aurkitu zituzten bertan. Ondorengo ikerketetan baieztatu zuten poliziek emakume horiek prostituziora behartzen zituela taldeak. Hurrengo egunean, apirilaren 23an, atzeman zituzten ustez taldea osatzen zuten sei pertsonak, eta hiru lokal gehiago miatu zituzten. Poliziak jakinarazi duenez, hainbat gauza aurkitu dituzte miatutako lokaletan: 4.000 euro, kreditu txartelak, kontabilitate liburuak, bertako zein nazioarteko pertsonen eta enpresen helbidea...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.