Aurten bost emakume hil dituzte genero indarkeriagatik Euskal Herrian: Elena Cal, Amelia Sanchez, Isabel Velez, Amelia Amaya eta Annien Froment. Mugimendu Feministak ere «indarkeria sexista» ikusi du honako beste bi kasu hauetan: Agurainen ustez bilobak hil zuen 91 urteko Bonifacia Ruiz de Arbuloren hilketan eta Zarauzko hondartza inguruan hilda agertu zen 16 hilabeteko haurrarenean.
Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak emandako datuen arabera, egunean batez beste genero indarkeriari lotutako hamazazpi salaketa jartzen dira. Aurten, urrira bitarte, 4.589 kasu salatu dituzte Hego Euskal Herrian. Nazio Batuen Erakundeak emandako datuen arabera, munduan hiru emakumetatik batek tratu txarrak jasan ditu noizbait: 1.120 milioi emakumek, hain zuzen.
Atzoko Donostiako protestan, erakundeek emakumeen aurkako indarkeriaren kontra egiten dituzten kanpainekin «nekatuta» daudela azaldu zuten. «Emakumeak biktima edota babes beharrean gauden gaixoen pare jartzen gaituzte», salatu zuten.Hori ikusita, «askeak, indartsuak eta autonomoak» diren emakumeak aldarrikatu zituzten. «Geure burua defendatzeko dugun gaitasunean sinetsi behar dugu, inoiz baino gehiago».
Gainera, benetako konpromisoak eskatu zituzten genero sistema «binario eta menderatzailea» amaitzeko. «Horretarako, emakumeon arteko harremanak, elkartasuna eta borroka feminista ezinbestekoak dira».
«Berehalako erantzunak eta egitura aldaketak» eskatu zituzten Bilbon: «Beste eredu politiko, ekonomiko eta ideologiko bat behar dugu, sexuen arteko harremanak berdintasunetik eraikitzeko. Sexuen arteko botere erlazioetan oinarritzen den sistema batek dirauen artean, emakumeak ez gara libre izango».
Erakundeen «arduragabekeria eta borondate politiko falta» ere nabarmendu zituzten, eta salaketa faltsuei ematen zaien «publizitatea» salatu zuten. Halaber, kezka azaldu zuten erasotzaileei zaintza partekatua gehiegitan ematen zaielako.
Hain zuzen ere, erakundeen aldetik «saldu» nahi den «sasi berdintasun irudiak» amaitu behar duela adierazi zuten Iruñean. «Horretarako neurri prebentiboak hartu behar dira, batik bat hezkuntza munduan».
Gasteizen gogoan izan zuten iazko urriaren 25ean desagertutako Nora izeneko emakumea, eta Baionan genero indarkeriaren inguruko lege integral bat eskatu zuten.
Sindikatuen salaketa
Gehiengo sindikalak ere -ELA, LAB, EILAS, Hiru eta EHNE- elkarretaratzeak egin zituen atzo eguerdian Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Bertan emakumeen indarkeriaren aurka «oldartzeko» eskatu zuten, eta salatu zuten genero indarkeria ezkutuan dagoela lan alorrean, eta sindikatuen eta erakunde publikoen aldetik ez dela «ezer» egiten arazoa ikusgarri egiteko.
Sindikatuek lan baldintzak duintzeko eskatu zuten, eta emakumeen aurkakoak diren «neurri baztertzaileak» amaitzeko. «Krisi eta murrizketa garai honetan emakumeek koltxoi sozial lana egiten jarraitzen dugu, eta bizi baldintzarik prekarioenak ditugunak gara». Horrekin batera, lan antolakuntzan «kultura aldaketa bat» aldarrikatu zuten, emakumeek lana eta familia bateratu ahal izateko. «Erantzunkidetasunak izan behar du antolaketa sozialak eta ekonomikoaren funtsezko oinarria», adierazi zuten. Gorputzaren inguruan erabakitzeko askatasuna, eta familia planifikaziorako aukera ere aldarrikatu zituzten sindikatuek.
Familientzako gida bat aurkeztu dute Hendaian
«Familiako indarkeriaren» biktimei begirako gida aurkeztu zuen atzo Hendaiako Udalak. Gomendioak ematen dira halako egoerei aurre egiteko. «Dendetan, polizia etxean eta osasun zentroan banatuko dugu, besteren artean», adierazi zuen Evelyne Zubia auzapezordeak. Liburuan parte hartu du Donostiako Ana Martin Rivas abokatuak, eta kezka azaldu zuen «mugaz gaindiko elkarlan eskasagatik». Polizia etxeen harremana «oso txikia» dela nabarmendu zuen.Aurkezpenean izan zen Jean-Baptiste Sallaberri alkatea, baina aurkezpena amaitu aurretik alde egin behar izan zuen. «Gai hau ez da nire arazoa; gizon bat naiz», esan zuen joan aurretik.