Egoera horren isla da Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailak atzo aurkeztu zuen txostena. Txostenean jasotzen denez, azken urtean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako auzitegietan, eguneko hamar salaketa jaso dira emakumeen kontrako indarkeriarekin lotuta. Izan ere, indarkeria mota horri aurre egiteko, iazko ekainaren 29an, Espainiako Gobernuak lege organikoa onartu zuenetik, 3.761 salaketa jaso dira EAEn. Gehienak hiriburuetan aurkeztu dituzte, Bilbon 1.168, Gasteizen 621 eta Donostian 553.
Justizia Sailaren txostenak salaketa horien ezaugarriak aztertu eta zabaldu ditu.
Babes aginduak
Aurkeztutako 3.761 salaketatik 1.322k (%35,2) babes agindua ezartzeko eskaria egin zuten. Hala, egunean batez beste lau babes agindu emateko eskaria jaso zituzten epaitegiek. Aztertutako urtean eskatu ziren babes aginduetatik %77k baiezkoa jaso zuten, eta %23k ezezkoa. Alegia, babesa eskatu duten hamar pertsonetatik zazpik laguntza jaso dute. Bestetik, kasu gehienetan (%97,2), emakumea izan da babes agindua eskatu izan duena.
Delituak eta hutsegiteak
Auzitegietan delitutzat hartzen dituzten erasoen artean, emakumezkoei eginiko lesioak izan dira nagusi (%34,2). Ondoren askatasunaren kontrako delituak daude (%32,4) eta horiekin batera osotasun moralaren aurkako delituak (%8,3). Hutsegiteei dagokienez, irainak izan dira nagusi (%62,1). Horrez gain, iseka ere salatu izan da (%20,9).
Zigor neurriak
Gertakarien larritasuna kontuan hartuta, zuhurtasunezko zigor neurriak eta neurri zibilak erabaki ditzake epaileak. Zigor neurrien artean, urruntzeko agindua (%32,4) eta biktimarekin komunikatzeko debekua (%31,1) nagusitu dira. Horiekin batera, erasoa jazo den lekura itzultzea debekatu dute epaileek (%10,4), eta etxetik irtetea ere agindu dute (%6,4). Espetxeratzea da gutxien ezarri den neurria, kasuen %5etan baino ez da neurri hori ezarri. Neurri zibilen artean, erabiliena etxebizitza erabiltzeko eskubidea emakumeari ematea izan da (%27,1). Halaber, erasotzaileari bisitak egiteko eskubidea eta guraso agintea sarritan kendu zaizkio (%17,4).
Biktimaren profila
Justizia Sailaren txostenaren arabera, azken urteotan indarkeria pairatu duten emakumeen %75,4 adinez nagusiak ziren, eta gehienak EAEko bizilagunak. Datuen arabera, harreman afektiboaren esparruan gertatzen dira emakumearen kontrako eraso gehienak. Hala, erasotzailea eta biktima sarritan ezkonduta daude (%37,6), edo iraganean harreman afektiboa izan zuten (%22,5).
Erasotzailearen profila
Jaurlaritzaren arabera, «espainiar nazionalitatea» zuten zigorturiko gehienak (%61,1), eta %24,9 atzerritarrak ziren . Halaber, absolbitu zituztenen auzipetuen artean EAEn bizi direnak %12,8 dira, eta %1,1 atzerritarrak.
Iruñeko auzitegi berezia abenduaren 31n zabalduko dute
Emakumearen kontrako indarkeriaren arloko Nafarroako lehenbiziko epaitegi berezia abenduaren 31n abian jarriko dute. Iruñean kokatuko da auzitegia, etaemakumearen kontrako indarkeria zigortzeaz gainera, familiaren araudi zibilaz ere arduratuko da (dibortzioak eta banantzeak).Emakumearen kontrako indarkeriari aurre egiteko 2005. urteko ekainean Espainiako Gobernuak onartu zuen lege organikoa ezartzeko egutegiaren arabera, Iruñean epaitegi berezia aurten martxan jarri behar zen. Gainerako Nafarroako epaitegi-barrutietan, alegia Tafallan, Lizarran eta Aoizen orain arte bezala, instrukzioko epaitegietako batek hartuko ditu bere gain aurkezten diren arlo horretako auzi guztiak, gainerako prozedurekin batera.
212 emakume lagundu ditu Gasteizko Udalak
Udal zerbitzuek genero indarkeria pairatu zuten86 kasu berri hartu zituzten 2005. urteane.u.Gasteiz
Genero indarkeria pairatu duten 212 emakume lagundu behar izan zituzten 2005. urtean Gasteizko Udalaren gizarte zerbitzuek. 2004. urtearekin alderatuta, %43,2 gehitu da lagundutako emakumeen kopurua. Nolanahi ere, Gizarte Ongizateko Sailaren zinegotzi Miguel Angel Etxebarriak argitu zuenez, «horrek ez du esan nahi 2004an baino kasu gehiago izan ditugula, baizik eta emakumezko asko laguntzen jarraitu behar izan ditugula 2005. urtean, eta gainera, 86 eskaera berri izan ditugu».
Gasteizko Udalaren gizarte zerbitzuetan hartutako emakumeen profila eman zuen atzo Etxebarriak. Eginiko balantzearen arabera, emakumeen batez besteko adina 41 urtekoa da: 31 eta 45 urte bitartean dituzten 98 emakume lagundu zituen Gasteizko Udalak, 46 eta 55 urte bitartean dituzten beste 31 emakumezko, eta 24 eta 30 urte bitartean dituzten 42.
Jatorriaren arabera, Gizarte Ongizate Sailaren zinegotziak esan zuenez, «hamarretik zazpi espainolak dira, eta atzerritarren artean %10,4 hegoamerikarrak dira». Bestetik, Udalaren laguntza eskatu zuten emakumeen %41,5 banantzeko prozesuan daude. Ikasketa mailak ere aztertu ditu Gasteizko Udalak. Emakumezkoen %47,6k ez dute lehen mailako irakaskuntza gainditu, eta beste %10,5ek ikasketa maila ertaina edo goi mailakoa dute.
Gasteizko Udalak orientabide juridikoa eta psikologikoa eskaintzeaz gainera, egoera larrian dauden emakumeentzat etxebizitzak ditu. Halaber, diru laguntzak kudeatzen ditu.