Gaur egungo politika publikoek «diskriminazioa eta desberdintasunak» handitzen dituzte gehiengo sindikalaren iritziz. Emakumeen Eguna ospatzeko, LAB, ELA, EHNE, Hiru eta EILAS sindikatuek elkarretaratzeetara deitu zuten, atzo eguerdian, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, eta azken urteetan gobernuek «gizonezkoen eta emakumezkoen arteko desberdintasunak» areagotzen dituzten neurriak hartu izan dituztela salatu zuten.
«Krisia baliatuta hartzen ari diren erabakiek diskriminazioa eta desberdintasunak handituko dituzte, ez direlako benetako politikak egin diskriminazioa murrizteko», adierazi zuen Bilbon antolatutako manifestazioan Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak. EHUk Abandoibarran duenparaninfotik abiatu zen martxa, eta Gizarte Segurantzaren egoitzan amaitu. Besteak beste, Etxaidek eta Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoak parte hartu zuten.
Emakumeentzako «politika zehatzak» behar direla nabarmendu zuen Etxaidek, «emakumeen benetako egoera kontuan izango duten lan eta gizarte babes politikak». Alde horretatik, salatu zuen eskubideak murrizten ari direla, «emakumeen egoera kontuan hartzen ez duten neurriak hartzen ari direlako».
Hain zuzen ere, Muñoak nabarmendu zuen pentsioen erreformak gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunak handituko dituela. «Martxoaren 8an esan ohi da asko egin dela, hobetzen ari garela, eremuak irabazten ari garela. Baina aurten ezin dugu esan aurreratzen ari garenik, pentsioen erreforma eraso ikaragarria delako, eta langile klasean izango dituen ondorioak oso larriak». Muñoaren iritziz, emakumeen kasuan «larriagoa» da egoera, «pentsioen erreformak gizonezko eta emakumezkoen arteko aldeak handituko dituelako».
Gehiengo sindikalak emakumeentzako «soldata duinak» eskatu zituen manifestazio guztietan.
Emakumeen egoera kontuan izango duen politika eskatu dute
Gehiengo sindikalak salatu du gobernuen erabakiek «diskriminazioa» areagotzen dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu