Araba, Bizkai eta Gipuzkoan genitalen mutilazioa egiten duten herrialdeetako 1.000 neska gazte bizi dira. Haien artean mutilazio kasuak saihestea da Emakundek eta Osakidetzak osatu duten gidaren helburua. Gaur goizean aurkeztu dute, Bilbon, gai horren inguruan egiten ari diren jardunaldi batzuk aprobetxatuta.
Bi atal ditu. Batetik, arazoaren azterketa egin dute, ikuspegi antopologiko, juridiko eta etikotik. Bigarren partean osasun arloan jarraitu beharreko protokoloa definitu dute. "Mutilazioa ez da eritasun bat, emakumeen osasunerako eskubidea urratzen duen sinismen bat baizik", ohartarazi du Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak. Gogoratu du, osasun fisikoan eta burukoan ondorio larriak izan ditzakeela, epe labur, ertain edo luzera.
Osasun arloko langileek, neska gazte horiek parte diren hezkuntza komunitateak, gizarte zerbitzuek eta etorkinen elkarteek halako kasurik antzemanez gero, zelan jokatu behar duten azaltzen du gidak. Horrez gainera, prestakuntza ikastaroak jasoko dituzte langile publikoek. "Herrialde jakin batzuetatik etorritako familiak dira, eta erroldari esker badakigu gehienbat zein esparru geografikotan bizi diren", azaldu du Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak. Horri esker, errazago izango dute zuzenean jardutea.