Gizartea

Emakumeen kontrako indarkeria salatzeko manifestazioa egingo dute Gernika-Lumon ostiralean

Herenegungo hilketa gaitzetsiko dute. 19:00ean hasiko da ekimena, eta ordura artean atxikimenduak batuko dituzte herriko eragileek eta sindikatuek. "Indarkeria patriarkalaren aurkako borroka era integralean lantzen ez den bitartean erasoek, jarraitu egingo dute". Bestalde, 19 urteko alabaren egoerak onera egin duela jakinarazi dute.

busturialdekohitza.info
2009ko martxoaren 25a
14:48
Entzun
Gernika-Lumon herenegun gauean hil zuten emakumearen hilketa gaitzesteko, herriko zenbait eragilek eta sindikatuk emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako manifestu baten aldeko atxikimenduak batuko dituzte egunotan, eta barikuan manifestazioa egingo dute. "Ezin da ahaztu gure herrian astero-astero emakumeon kontratako eraso ezberdinak ere egoten direla, nahiz eta gehiengoak prentsan agertu ez. Argazki hau zoritxarrez urteak pasatu ahala errepikatzen joan zaigun irudia da, inork beronen aurrean taxuzko erabakirik ez duela hartzen ikusten jarraitzen dugun bitartean", esan dute gaur. Bien bitartean, 19 urteko alabaren egoerak hobera egin duela jakinarazi dute, eta 48 ordu barru Gurutzetako ospitaleko suspertze gunetikaterako dutela jakinarazi dute medikuek. Gaztea ustez bere aitak bularrean, iztartean eta besoetan labanaz zauritu zuen.

Atxikimendua sinatu dutenen arabera, "indarkeria patriarkalaren aurkako borroka era integralean lantzen ez den bitartean erasoek, jarraitu egingo dute".

Autodefentsaren aldeko apustua ere egiten dute. "Emakumeok emakume izateagatik erasotuak bagara, defenda gaitezen", diote. "Arazo sozial honi aurre egiteko beharrezkoa da emakumeok antolatzea, gure artean babestea, taldean eztabaidatzea eta espazio komunak eraikitzea".

Komunikabideek gaiari ematen dioten tratamendua ere salatu dute eragileek eta sindikatuek. "Komunikabide askok emakumeon kontrako indarkeriari 'genero indarkeria' deitzen jarraitzen diote, generoarekin zerikusirik ez badu ere". Horrez gain, instituzioen jarrera ere kritikatu dute. "Ez dute euren jarrera aldatzen, hartutako neurriek ez dutela askorik lortzen ikusita ere".

Barikura bitartean ariko dira manifestuaren aldeko atxikimenduak batzen. 19:00etan hasiko da manifestazioa, herritar guztiak deitu dituzte horretan parte hartzera. "Atera dezagun kalera egunero barnean gordetzen dugun amorru guztia eta egin dezagun bat emakumeon kontrako indarkeria gaitzesteko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.