EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA. Zarautzen hilda agerturiko umearen aita ezin zen hurbildu amarengana

Gaua kale gorrian pasatzen ari zirela hil da 18 hilabeteko haurra, eta itota aurkitu dute. Uztailean umea bahitu egin zuen aitak

mikel rodriguez
Maite Asensio
2010eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Urte eta erdiko neskato baten hilotza aurkitu zuten atzo itota Zarautzen (Gipuzkoa), lehorretik 100 metro ingurura, moilatik hurbil. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, haurraren aitak 05:20 inguruan eman zuen desagertzearen berri, eta erreskate taldeek 09:00etan aurkitu zuten gorpua. Ertzaintzak aita, 41 urteko gizonezkoa, atxilotu zuen, joan den abuztutik haren kontrako bilatze agindua zuelako, epaiketa batera ez agertzeagatik. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, bikotekide ohi eta haurraren amari eraso egiteagatik, eta alaba bahitzeagatik aurrekariak ditu.

Atxilotuak Ertzaintzari egindako kontakizunaren arabera, alabarekin batera pasatu zuen arratsa Zarauzko Montetxio parkean, itsasotik hurbil. Goizaldean ernatu zenean, neskatoa ez zegoela ikusi zuen, eta Ertzaintzari hots egin zion. Ondoren, ertzainek, Zarauzko Udaltzaingoak, Gurutze Gorriak eta DYAk osatutako erreskate taldeak bilatze lanak hasi zituen, 09:00etan hilotza itsasoan aurkitu zuen arte. Aita atxilotu eta Ertzaintzaren Zarauzko polizia etxean atxiki zuten, Azpeitiko epaitegiaren (Gipuzkoa) esku uzteko. Arratsaldean, berriz, neskatoaren amak deklaratu zuen ertzainen aurrean. Herrizaingo Sailak gertatutakoa argitzeko ikerketa hasi du.

Genero indarkeriako aurrekariak

Gertaeraren nondik norakoak lauso daude oraindik, eta hari mutur anitz lotzeke. Herrizaingo Sailarekin harremanetan jartzen saiatu da Berria, baina kasua «sekretupean» dago. Umearen aita 11 aldiz atxilotu dute iraganean, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Horietako «hainbat» atxiloketa bikotekide ohiari eraso egiteagatik izan dira, eta, azkena, alabaren bahiketagatik, iturri berberaren arabera. Joan den uztailaren 18an izan zen hori. Egun bat lehenago gizonezkoa bere bikotekide ohiarekin elkartu zen Zarautzen, «bien arteko lege auzi batzuk konpontzeko». Emakumea atzerrian bizi zen alabarekin eta bertze seme batekin batera. Zarauzko etxebizitza batean elkartu zirenean, gizonezkoak eraso egin zion emakumeari -buruan zauritu zuen-, eta honek etxetik ihes egin zuen.

Biharamunean, uztailaren 18an, amak alaba itzultzeko eskatu zion gizonezkoari, baina horrek Zarauztik alde egin zutela jakinarazi zion, eta ez zuela «inoiz gehiago» ikusiko egin zion mehatxu. Egun horretan bertan Galdakaon (Bizkaia) atzeman zuen bertako Udaltzaingoak, arratsean haurrarekin kaletik zebilela. Bertako udalak jakinarazi zuenez, haurraren aitak urruntze agindua zuen Beasainen (Gipuzkoa). Zarautzen, berriz, bahiketagatik, erasoagatik eta zigor hausteagatik atxilotzeko agindua zuen. Galdakaoko Udalak amaren esku utzi zuen neskatoa.

Hortik aitzinera gertatutakoa ez dago hagitz argi. Pasa den irailaren 28an Bilboko auzitegi batek iheslaritzat jo zuen aita, haren aurkako epaiketa batera ez agertzeagatik. Epaitegietako iturrien arabera, iragan uztailaren 14an zen egitekoa -Galdakaon atxilotu baino lau egun lehenago-, haren aurkako epaiketa aurrez ezarritako behin-behineko neurriak hautsi zituelakoan. Abuztuan, epaitegiak gizonezkoa bilatzeko, atxilotzeko eta epaitegira eramateko agindua eman zuen, haren aurkako epaiketa abenduan eginen dela jakinarazteko. Aurkitzea «ezinezkoa» zitzaiolako, iheslaritzat jo zuen epaitegiak.

Aldundiaren azalpena

Atxilotuaren bikotekide ohia iraganean bi aldiz artatu duela esan du Gipuzkoako Foru Aldundiak;«genero indarkeria arazoengatik». Aldundiko Gizarte Politikarako Sailak ohar baten bidez jakinarazi du. Iturri berberak azaldu duenez, erakundeak ez du inoiz «antzeman» amak seme-alabak «egoera babesgabean» zituenik. «Haiekiko arreta zuzena zuen».

Era berean, aldundiak amari eta seme-alabei emandako arreta ere «zuzena» izan dela dio oharrak. «Une oro bere beharrei egokitu zaio, eta bikotekidearen jarrera erasokorrari aurre egiteko babesa eman zaio». Laguntza «emakumeak eskatutakoan» eman diola zehaztu du aldundiak, eta «denboran berak nahi adina» luzatu duela, gainera. Azkenik, emakumearen «genero indarkeriako egoeraren txostena» alabaren heriotza argitzeko ikerketaren esku utzi du Gipuzkoako Aldundiak.

Aralarrek, Maite Etxaniz Aldundiko Gizarte Politikako diputatuaren agerraldia eskatu du, hildako neskatoaren inguruan «gizarte zerbitzuek izan duten jokabidearen informazioa eman dezan». Rebeka Ubera Aralarreko Gipuzkoako Batzar Nagusiko ordezkariaren ustez «kasuaren larritasunak premiazko azalpena» behar du, «dirudienez, familia horren egoera hainbat herritako gizarte zerbitzuek ezagutzen baitzuten». Foru Aldundiari «familia horrekin izan duen esku-hartzea» azaltzeko eskatu dio, eta esku-hartzerik izan ez badu, horren «arrazoiak eman» ditzala. «Aldundiaren ardura da desegituratutako familietako haurren ongizatea, eta kasu hau irizpide horien barruan sartzen dela iruditzen zaigu».

Zarauzko Udala «saminduta» agertu da urte eta erdiko haurraren heriotzagatik. Ezbeharraren ikerketa «lehenbailehen» egiteko eskatu die Poliziari eta epaileei, «gertatutakoa azkar argitzeko, eta hartu beharreko neurriak hartzeko». Udalaren arabera, «horrelako zerbait gertatzea zorigaitza da, eta erne jarri eta asaldatu egin behar gaitu guztiok». Auzia «aurki» argitzeko «behar den laguntza guztia» emanen du Udalak.

Informazioa

Eusko Jaurlaritzak telefonoa aurkeztu du aste honetan adingabeen kontrako tratu txarrak saihesten laguntzeko. Adingabeentzat ez ezik, halako egoeren berri duten helduentzat ere bada. Webgune bat du laguntza osagarriarekin.

Telefonoa: 116 111.

www.euskadi.net/zeukesan

Atxilotutako gizonak atzetik izan du Polizia hilabeteotan

Lehendik ere hainbat aldiz atxilotu dute atzo Zarautzen hilotz agertu zen umearen aita. Azken hilabeteotako ibileren berri izateko, aipatzeko moduko egunak dira hauek:

Uztailaren 14a. Bere kontra ezarritako behin-behineko zigor neurriak hautsi zituela egotzita, Bilboko auzitegi batean agertu behar zuen gizonak, baina ez zen agertu.

Uztailaren 18a. Galdakaon (Bizkaia) atxilotu zuten, alabarekin zegoela. Bezperan Zarauzko etxebizitza batean elkartu zen umearen amarekin, eta eraso egin zion. Andreak ihes egin ostean, haurra hartu eta Galdakaora eraman zuen gizonak. Iluntzean haur txikiarekin bueltaka zebilela ikusi, susmoa hartu, eta atxilotu egin zuten Galdakaoko udaltzainek; bahiketa, erasoa eta zigor haustea egotzi zizkioten. Umea amaren esku utzi zuten.

Irailaren 28a. Gizonaren bila zebilen Bilboko epaitegiak, eta iheslaritzat jo zuen. Haren aurkako epaiketara agertu ez zela gogoratu, eta hura aurkitzea «ezinezkoa» zela esan zuen.

Urriaren 7a. Alaba hilotz agertu zen Zarutzen, harekin zegoela, itota.

Maria Angeles Germanen bila hasi dira ur putzu batean

Abuztuan Urbiolan (Nafarroa) desagertutako Maria Angeles Germanen aztarna bila jarraitzen du Foruzaingoak. Herenegun, emakumearekin ustez bikote harreman bat izandako gizonezkoa atxilotu zuten, baita haren emaztea ere. Atzo, epailearen aurrean deklaratu zuten biek, eta foruzainek haien Barbaringo (Nafarroa) etxea miatu zuten. Hedabide batzuek jakinarazi zutenez, ikerketek Villamayor de Monjardineko (Nafarroa) upelategi baten ondoko urtegi txiki batera eraman zituen foruzainak. Hala, arratsaldean ur putzua arakatu zuten, atxilotutako emakumea bertan zela. Auzia sekretupean dago.

Bestalde, Germanen familiak «errespetua» eskatu zuen atzo, eta «gertatutakoa argitu arte» adierazpenik ez dutela egingo esan zuten. Abuztuaren 9an desagertu zen 44 urteko emakumea, txakurra albaitariarengana zeramanean. Sendiak salaketa jarri zuen, baina ia bi hilabetean aztarna gutxi aurkitu dute foruzainek. Dena den, azken egunotako atxiloketen ondorioz, hilketaren hipotesia indarra hartzen ari dela aitortu du Foruzaingoak.

Pilar Legarra.Psikologoa
Zuzenean tratu txar fisikoak jasan ez arren, haurrak genero indarkeriaren kaltetu ere badirela azaldu du Pilar Legarrak; zenbaitetan, amari min egiteko erabiliak izan daitezke.

«Indarkeria egoeran umeak tresna bihurtzen dira, amari kalte egiteko»

Maite Asensio.

Genero indarkeriak ez du soilik andreengan eragiten. Adituek diotenez, gizon batek emakumezko bikotekideari edo bikotekide ohiari tratu txarrak egiten dizkionean, emakumearen inguruko pertsonengan ere eragiten du biolentzia egoerak, batez ere hurbilen daudenengan, hots, seme-alabengan. Eta batzuetan, ama zigortzeko erabiltzen dira haurrak. Pilar Legarra psikologoak uste du atzo Zarautzen gertatutakoheriotza horrekin lotuta dagoela.

Nola eragiten die genero indarkeriak haurrei?

Indarkeria kasuak aztertzean, konturatu gara horrelako biolentziak ez duela soil-soilik emakumeen aurka egiten. Umeak baldin badaude, haiengana hedatzen da, eta haurrak biktima izateko ez da beharrezkoa fisikoki jotzea: indarkeria jasaten duten umeak tratu txar egoeran daude, gutxienez psikologikoki. Haur batentzat afektiboki izugarria da aitak ama jotzen eta umiltzen duela ikustea. Eta horrek, era berean, umeen erlazionatzeko moduan eragiten du: haiek ulertzen dute biolentziaren bidez gauza batzuk azkar lor daitezkeela, eta horren araberako jokabideak garatzen dituzte. Hau da, ume horiek askoz aukera gehiago dituzte etorkizunean haien bikote harremanetan indarkeriaz jokatzeko.

Ama kaltetzeko edo zigortzeko modu bat al da seme-alabei tratu txarrak egitea, edo beste muturrean, haurrak abandonatzea?

Indarkeria dagoenean, bikote harremana minduta dago, eta abagune horretan, umeak tresna bat dira, gizonak badakielako amari kalte egiteko bide zuzena dela: afektiboki emakumeak seme-alabekiko lotura izugarria du, eta haurrak kaltetuz gero, amari min egingo zaio. Dibortzio kasuetan asko ikusten da, indarkeria nabarmenik egon ez arren: haurrak instrumentu bihurtzen dira, eta kalte egiten zaie, bai tratu txarren bidez, bai behar bezala ez zainduz. Aita askok berekin eramaten dituzte seme-alabak, haiek zaintzeko gai ez direla jakinda.

Ildo horretan, askok diote emakumeak jotzen dituzten gizonek seme-alabekin erlazionatzeko eskubidea dutela, baina nik hori errotik jartzen dut auzitan. Maitatzen ez dakien pertsona bat ez da haurrak zaintzeko gai, ez dago hezteko prestatuta, eta ezin zaizkio umeak utzi: halako portaera duena ez da aita ona. Gainera, harreman hori moztea mesedegarria da haurrentzat.

Ikerketa batzuen arabera, haurren aurkako tratu txar gehienak genero indarkeriarekin lotuta daude. Zein neurritan da hala?

Lehen esandakoa berresten dut: genero indarkeria egoera batean haurrek ere sufritzen dute, seguru. Eta kalte hori desegitea asko kostatzen da.

Nola antzeman daitezke kasu horiek?

Indarkeria jasaten duten umeek sintomak dituzte, besteak beste, lo egiteko edo janariarekin lotutako arazoak, eta beste haurrekin harremanak eraikitzeko moduan. Detektatzeko denok gaude, baina ez dakit prest gauden. Susmoak izanda ere ezer gutxi egiten dugu, ulertzen dugulako etxe barruko gauzak pribatuak direla, eta hor dago akatsa. Edonola ere, eskola eta pediatrak funtsezkoak dira kasuak antzematean.

Emakumeen aurkako tratu txarrekin bezala gertatzen da, beraz.

Bai. Indarkeria egoerak zenbait gaixotasun eragiten ditu. Sarritan, andreak ez doaz medikuarengana kolpe batengatik, baizik eta ezin dutelako lo egin, edo tentsio arazoengatik... Horren atzean zer dagoen aztertu behar da. Izan ere, lehen aldiz laguntza eskatu baino lehen, zenbatetan joan dira emakumeak osagilearengana?

Familia giroa pribatutzat ikusten jarraitzen dugu, baina batzuetan etxea terrore gunea da.

Dudarik gabe. Familia idealtzat hartu izan da, baina kartzelarik okerrena izan daiteke: zenbat abusu daude etxe barruan? Hor sartzea zaila da, pasa behar ez dugun pareta dela iruditzen zaigulako, baina esan behar dugu: 'Inporta zait hor ume bat badago, hor emakume bat badago'.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.