Gizartea

Emakumeen Mundu Martxa Euskal Herrian da

Goizeko hamarrak pasatxo zirela heldu dira Karrantzara (Bizkaia) Emakumeen Mundu Martxaren lekukoa Euskal Herrira ekarri duten Galiziako andrazkoak. Bandera lila, arrosa eta ikurriñekin egin diete ongi-etorria Euskal Herriko emakumeek Galiziatik heldu direnei. Irrintziekin eta agurra dantzatuz, harrera beroa egin diete. Barakaldon, Bilbon eta Zornotzan izan dira gero, eta orain Durangora bidean doaz, han afaltzeko. Martxoaren 8an abiatu zen Martxa Sao Paulotik (Brasil), eta harrezkero, emakumeen kontrako indarkeria, pobrezia eta bazterkeria salatzen ari da han eta hemen. Lau egunez ibiliko da gurean; Durangora arteko bidea egingo du gaur.

2005eko maiatzaren 24a
19:39
Entzun
Lau egun horietan herririk herri eramango dute Sao Paulon (Brasil) idatzitako agiria, eta horrekin batera, adabakiz adabaki emakume guztien artean egiten ari diren oihal ederra.

Martxoaren 8an 40.000 pertsona inguru batu ziren Sao Paulon, askatasunaren aldeko mobilizazioari hasiera emateko. Orduan lehen aldiz irakurri zuten agiria munduko txoko guztietatik igaroko da urriaren 17a bitartean, eta bost kontinenteak igaro eta gero Afrikara helduko da, Burkina Fasora.Feminismoari edo emakumeen eskubideen defentsari lotuta dauden Euskal Herriko hainbat elkartek bat egin dute Emakumeen Mundu Martxako plataforma eratzeko, eta gaur bertan hartu diete lekukoa Galiziako emakumeei. Lau eguneko ibilbidea egin eta gero, Frantziako emakumeei emango diete lekukoa, maiatzaren 27an.

Emakumeen Mundu Martxa Euskal Herrian den egun bakoitzeko gai zehatz baten azterketa egitea erabaki dute plataformako kideek. Gaur Karrantza eta Durango arteko (Bizkaia) bidea egingo dute, esaterako, Gudaren kontrako Eguna izango dute. Galiziako emakumeei lekukoa hartu eta gero, Bilborako bidea hartuko du martxak. Bidean hitzaldiak eskainiko dituzte eskoletan. Eguerdian helduko da martxa Bilbora. Basurtu, Autonomia, Zabalburu, San Frantzisko eta Areatza igarota. Areatzan ekitaldi berezia egingo da.

Arratsaldean ere Bilboko kaleetatik ibiliko da martxa, eta emakumeen kontrako bortizkeriaren ondorioz hildako azken emakumeei omenaldia egingo diete haien auzoetan. Durangora 20:30ean helduko da martxa, eta kalejira egingo dute herrian zehar. Gaurkoaren antzeko egunak izango dira beste hirurak ere. Bihar, Laudio (Araba) eta Iruñea arteko ibilbidea egingo du Emakumeen Mundu Martxak. Ekologia, lurra eta emakumea izango dira hizpide. Etzi, Nafarroako hiriburua eta Donostia lotuko dituzte martxako parte-hartzaileek. Bortizkeriaren kontrakoa izango da eguna. Martxak Euskal Herrian egingo duen azken egunean, pobrezia eta prekarietatea gaiak hartuko dituzte hizpide parte-hartzaileek, Donostiatik Baionara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.