EMAKUMEEN MUNDU MARTXA. MARIJE ETXEBARRIA . «Euskal Herriko bake prozesuan ezinbestekoak gara emakumeak»

Iñigo Bilbao Sagastiberri.
2005eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Emakumeen Mundu Martxarako plataforman dena prest daukate datorren astean Galiziako emakumeei txanda hartzeko. Ekimenaren nondik norakoak Marije Etxebarriak eskaini ditu. Bera dabil, Euskal Herriko beste emakume askorekin batera, plataforma barruan antolatzaile lanetan.

Zeintzuk dira martxa honekin emakumeek lortu nahi dituzuen helburuak?

Martxa honek emakumeok gure artean nazionarte mailan osatu dugun elkartasun mugimenduari eusteko eta sendotzeko tresna izan behar du. Guretzako, plataforman batzen garen emakumeontzako, feminismoa bizirik dago eta erreala da. Mundua aztertzeko ikuspegi ezberdina eta alternatiboa eskaintzen digu. Martxa honekin, gainera, adostasun minimoetara iritsi gara munduko emakumeok.

Plataformaren zerrendan elkarte eta talde feminista asko ageri dira. Zerk bultzatu zaituzte talde guztiok, ez bakarrik Euskal Herrian, baita mundu mailan ere, elkarrekin lan egitera?

Hori argitzeko historia apur bat egin beharko litzateke. Martxaren ideia Kanadan sortu zen, bertako Emakumeen Federazioaren baitan. Mugimendu hori izan zen proposamena Pekinera eraman zuena, han egin zen Emakumeen Nazioarteko Konferentziara. Ideia aurkeztu zuten, gainerako talde guztiei izugarri gustatu zitzaien, eta mundu mailan egitea erabaki zuten.

2000. urtean, manifestu bat adostu zuen ekimenak, emakumeen kontrako indarkeria eta pobreziaz ohartarazten zuena eta kritika zorrotzak egiten zituena. Gai bi horien inguruan ekintza ugari egin ziren urte hartan herrialdez herrialde. Euskal Herrian ere hainbat gauza egin genituen. Prozesua urrian amaitu zen, New York hirian egin zen elkarretaratze batekin. Bertan bost kontinenteetako zazpi milioi sinaduratik gora eman zitzaizkien Nazio Batuen Erakundeko, Munduko Bankuko eta Nazioarteko Moneta Fondoko agintariei, bai eta Kofi Annan NBEko idazkari nagusiari ere.Duela urte bi, 2003an, New Delhiko Konferentzian, Emakumeen Eskubideen Gutuna egin eta mundu osoari eskaintzea erabaki zen. Hori da une honetan eskuartean daukaguna, eta abenduan amaitu beharko dena Ruandan egingo den batzarrean.

Mundu osoko emakumeak elkartu zarete martxa honetan. Euskal Herriko emakumeek zer daukazue ikasteko harreman horretatik?

Elkartasuna, bereziki. Ekimen honi esker nazioartean lan egiten ikasten ari gara; maila globalean elkarrekin lan egiten. Emakume guztiok ardatz beraren inguruan lan egiten ikasten gabiltza, gauza berberak esaten mundu zabalean. Baina tokian tokiko errealitateak ahaztu barik, jakina. Herrialde bakoitzak bere Gutuna egiteko konpromisoa hartu du. Guk geurea egingo dugu.

Hemen, Euskal Herriko Emakumeen Eskubideen Gutuna egiten gabiltza plataforma osatzen dugun elkarte guztien artean. Asmoa da 2006ko martxoaren 8rako amaitzea eta egun horretan instituzio, erakunde eta eragile sozial guztiei eskeintzea.

Eta bide beretik, zer daukazue Euskal Herriko emakumeok mundu zabaleko erakunde edo mugimendu feministei eskaintzeko?

Gure errealitatea eta eguneroko borrokak. Martxa oso tresna baliagarria zaigu emakumeoi errealitate ezberdinen inguruko informazio trukatzeko. Hori oso aberasgarria da munduko emakumeen taldeentzako. Gure arteko elkartasun mugimendua mantendu eta sendotzea behar-beharrezkoa zaigulako.

Martxa urrian amaituko da, Burkina Fason (Afrika). Ordura arte, zuon txanda agortu ostean, zerbait gehiago egiteko asmoa daukazue Euskal Herriko emakumeek?

Txanda Frantziako emakumeei eman arren guk jarraitzeko asmoa daukagu. Urte amaiera arte ekintza gehiago antolatuko ditugu eta matraka ematen jarraituko dugu ardatz nagusi horien inguruan. Eutsi egingo diogu kanpainari, plataforma bezala, ekintzak antolatzen eta lana egiten.

Bakea aipatu duzue helburuen artean. Gaur Euskal Herrian bakeaz asko hitz egiten ari da. Uste duzue emakume mugimenduak zer ekarri baduela prozesu horretan?

Guk pentsatzen dugu ez dela posible izango bake prozesu bat garatzea Euskal Herrian, hor emakumeen parte hartzea ematen ez bada. Emakumeok asko dugu esateko bakegintzan. Eta hori ez da gaurkoa. Urte asko dira, esaterako, Palestinan bertako emakumeek Beltzez Jantzitako Emakumeen mugimendua sortu zutela gerraren kontra borrokatzeko. Ez ahaztu gerraldietan emakumeok izaten garela gehien sufritzen dugunak. Asko daukagu bakegintzan esateko.

Horregatik diogu bake prozesuan gure hitza behar-beharrezkoa dela, mundua bera aztertzeko ikuspegi ezberdina dugulako, eta elkarlanerako edo geure artean antolatzeko ere oso modu ezberdinak ditugulako. Uste dugu gizonezkoen ereduetatik kanpo gauza asko aportatu ditzakegula. Ezinbestekoa da, beraz, emakumeon parte-hartzea Euskal Herriko bake prozesuan ere. Etorkizunean horren inguruan zerbait sortzea espero dugu.

Urrian Burkina Fason izango denelkarretaratzea inflexio-puntua izango duzue, martxa bezalako ekimenean. Zein izango da horren osteko pausoa?

Oraindino ez dakigu. Bertan nazioarteko konferentzia egingo dugu eta ikusiko dugu han zer balorazio egiten dugu ordura artekoaz, eta zer egin daiteke etorkizunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.