Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak "gaitzespen osoa" adierazi die Abadiñon izandako "erailketa sexistei". Salatuz duenez, "emakumeen aurkako indarkeriak ez du etenik", eta horren aurrean "amorrua, nekea eta haserrea" agertu du. Horregatik, elkarretaratzera deitu du biharko, Euskal Herriko herri eta hiriburuetan. Matienako Traña plazatik 19:00etan irtengo den manifestazioan parte hartzeko dei berezia egin dute.
Horrez gain, kasuari eman zaion "trataera publiko eta mediatikoa" kritikatu du Mundu Martxak. Jose Luis Navarro Abadiñoko alkateak genero indarkeria kasu bat izatea "oso arraroa" litzatekela esan izana salatu du: "Tamalez, ez da hain arraroa, eta berriz ere, ardura publikoa duten horiei prudentziaz jokatzeko ardura exijitzen diegu".
Mundu Martxaren arabera, Euskal Herrian bost emakume hil dituzte aurten. Gainera, Asturiasen Basauriko gizon batek bi alaba hil izana eta "egunero" gertatzen diren bortxaketa eta erasoak gaitzetsi ditu.