Iruñeko Emakumeen Etxeak andreen sexualitatearen inguruan ostiralerako antolatutako hitzaldi bat bertan behera utzi du udalak. Brecha orgásmica: cómo el patriarcado nos persigue hasta la cama izenburua zuen (Orgasmo arrakala: nola jazartzen digun patriarkatuak oheraino), eta Paola Damonti ikerlari feministak eman behar zuen, baina programatik kendu dute, hizlariari gaur bertan telefonoz azaldu diotenez: «Erabaki politiko bat izan da, hitzaldia ez dutelako egoki ikusten».
Damontiri esan diotenaren arabera, Iruñeko Udaleko Berdintasun Sailak hartu du erabakia. Bertako arduradunekin harremanetan jarri da kazeta hau, baina uko egin diote adierazpenak egiteari.
Azken egunetan Voxek sare sozialetan hitzaldiari egindako kritikekin lotu du erabakia oposizioak. EH Bilduk salatu du «azalpen onargarririk gabe eta azpikeriaz» utzi dutela bertan behera hitzaldia, eta atzera egitea galdegin dio Enrique Maia alkateari, «programatuta zegoen bezala egitea, termino berdinetan, izenburu eta eduki berarekin». Udalaren «joera zentsuratzailea» deitoratu du: «Ezin da onartu Enrique Maia buru duen eskuineko hirukoa hartzen ari den norabidea: gustuko ez duena debekatzea eta ultraeskuinaren estortsioei amore ematea. Voxek markatuko du hemendik aurrera Emakumeen Etxearen eta Iruñeko Udalaren berdintasun programazioa?». PSN ere kritiko agertu da: «Eskuin muturraren gatibu bihurtu da Enrique Maia», adierazi du alderdiak sare sozialetan. «Zentsuratzat» hartu du erabakia, eta zuzentzeko eskatu dio udalari.
Damontik BERRIAri esplikatu dio duela hilabete batzuk hitzartu zuela hitzaldia, eta normaltasunez egin dela haren difusioa, bai Emakumeen Etxearen programan —gaur goizera arte egon da eskegita webgunean, baina gero kendu egin dute—, bai sare sozialen eta kartelen bidez. Egilearen ustez, izenburuak eragin du gatazka: «Goiburuak deigarriak izan behar dira, eta ez dakit zer arazo dagoen izenburu batean orgasmo hitza agertzearekin. Gizarte honetan pornografia dago leku guztietan; emakumeak objektu gisa tratatzen dira, baina ez da egoki jotzen sexualitateaz hitz egitea ezagutzaz eta genero ikuspegiaz».
Hala ere, trebakuntza lan horrekin jarraitzeko asmoa agertu du Damontik: «Lekuren bat bilatuko dut hitzaldia emateko, doan».