Emakumeon aurkako indarkeria ikusi, entzun eta sentitu daiteke

2015eko azaroaren 25a
15:19
Entzun

Emakumeon aurkako indarkeria ikusi, entzun eta sentitu daiteke. Asko dira ordea ikusi, entzun eta guztiok sentitzen ez ditugunak. Etxeetan, ikasgeletan edota kale ilunenetan gertatzen direnak. “Ez sartu besteen kontuetan” esanda ahazten ditugunak.

Kolpeak, irainak, mehatxuak, kontrola, gorputz eredu perfektuak, rolak. Indarkeriaren bidez beldurra barren-barrenerarte sartzen digute. Aske izateko beldurra. Atzoko egunaren testuinguruan azken gertaera desberdinak berreskuratu dira hemeroketatik. Titularrak titularren gainetik, erasoak erasoen atzetik.

Europa aurrerakuntzaren lurralde bezala saltzen digute gorbataz jantzitako gizon zuriek. Berdintasunean bizi den lurraldea. Emakumeek gizonek bezala, bozkatu eta lan egin dezaketen lurralde aurreratua. Berdintasun hori ordea ez da sekula benetakoa izango gizonek berdintasuna zer den erabakitzen baldin badute.

Hori horrela izanik, esan beharrik ere ez dago salatzen diren erasoak portzentaje txiki bat baino ez direla gertatzen direnekin alderatuz. Egunero-egunero, milaka emakumek jasaten ditugu eraso desberdinak. Aurtengo udan jai eremuetan neska gazteok jasandako erasoek oihartzuna hartu badute ere, jai giroan gertatzen dena errealitatearen argazkia da, ez salbuespena. Zorionez, txalotzekoa izan da udan emandako erantzun zabala, jendarte eragile, instituzio eta norbanakoen aldetik. Bereziki gazteon eta mugimendu feministaren artean aurrera eramandako borrokak.

Gazteok belaunaldi berri batekoak omen gara, patriarkatuaren lakra guzti horretatik salbu behar genukeen generazioa. “Bestelako” mundu ikuskera eta balio batzuetan heziak izan garela dioten arren, errealitatea bera da “berdintasunaren” ideia faltsu horrekin apurtzen duena. Eraso matxistak ez dira gure amonen garaiko kontuak soilik. Erasotuak garen emakume asko adinez oso gazteak gara. Baina erasotuez gain, erasotzaileak ere oso gazteak dira. Datu hauek are argiago erakusten dute egoeraren larritasuna eta arazoaren benetako muina. Izan ere, emakumeon aurkako indarkeria erroko eta eguneroko arazoa izaten jarraituko du, sistema patriarkalarekin bukatu ezean.

Gaixorik dagoen jendarte honekin bukatu beharra daukagu. Emakumeok kale bazterrean egoteko hezten gaituzte. Isilean eta geldirik. Gauez etxera bakarrik ez joateko esan digute behin eta berriz. Beldurturik bizitzeko. Beldurra ordea, ausardia bilakatzeko unea da. Bazterrean nahi gaituztenei bazterrean itxarongo diegu baina argi izan dezatela ez direla gure gainetik pasatuko. Beldurra aldez aldatuko dugu eta borroka horretan matxirulo guztiek parez pare aurkituko gaituzte.

Autodefentsa feministaren alde egiten dugun hautua ez da soilik erasoen aurkako jarrera, aske bizitzeko egiten dugun hautua da. Neska gazte eta feministon arteko aliantzak sortuz, gure ahalduntze pertsonalerako ekintza kolektiboa baliatuz, formatuz, gune aske eta feministak sortuz eta borrokatuz.

Atzo bezala, erasotuak izan diren emakume guztiak gogora ekarri nahi ditugu gaur ere. Gure omenaldi txikia eginez, jendarte parekide baten alde autodefentsa feministaz bizitzeko erabakian berresten gara.

Azaroaren 25a emakumeonganako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna izan genuen. Gaur, azaroak 26, emakumeonganako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna izaten jarraitzen du, biharko egunean horrelako egunak borrokatu behar ez ditzagun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.