Emakunde ez dator bat Gorenaren sententziarekin

Nagore Laffageren hilketa genero indarkeriako kasu gisa epaitu behar zutela gaineratu du

Erredakzioa
2010eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak Nagore Laffage auziko epaia berrikusita eman duen zigorra onartzen badu ere, sententziarekin bat ez datorrela nabarmendu du Emakundek. Nafarroako Auzitegi Nagusiak ezarritako zigorra berretsi izana ez du konpartitzen.Hilketa delitua beharrean Yllanesi homizidioa egotzi dio, berriro ere.

«Emakunde ez dator bat Nagoreren hilketa aurrez pentsatutako zerbait ez zela onartzearekin», jakinarazi du Emakundek agiri baten bitartez. Epaiaren arabera, ezin da frogatutzat jo 2008ko uztailaren 7an Yllanesek aldez aurretik pentsatuta zuenik Laffage hiltzea, eta Auzitegi Gorenak gogorarazi du zinpeko epaimahaiak eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak gauza bera ondorioztatu zutela.

Beste lege batekin epaitua

Nagore Laffageren familiari babesa eskaini dio Emakundek, eta, bide batez, era horretako kasuak epaitzerakoan Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Lege Integrala erabiltzeko aukera mahaigaineratu du. «Laffageren hilketak eta epaiketaren osteko sententziek, agerian utzi dute, sexu jazarpenak lege horren arabera epaituak izateko aukera egon beharko litzatekeela».

Izan ere, gaur egun, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Lege Integrala erabili ahal izateko, erasoa egiten duenaren eta erasoa jasotzen duen emakumearen artean harremana dagoela frogatu behar dela gogorarazi du Emakundek. Horrek Nagore Laffageren moduko kasuak lege horren arabera epaitzea galarazten duela zehaztu du;hain justu,genero indarkeriako kasu baten moduan epaitua izatea galarazten duela. «Nagore eta haren familiaren samina» aintzat hartuz «justizia hobea egiteko aukera» aldarrikatu du Emakundek.

Auzitegi Gorenaren epaiketaren ostean Diego Yllanesek Zuerako espetxera itzuliko da (Zaragoza, Espainia); 12 urte eta sei hilabeteko zigorra betetzera. Datorren abuztuaren 28an zigorraren lehen laurdena beteko du, eta epaileari espetxe baimena eskatzeko aukera izango du ordutik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.