Eusko Jaurlaritza osatu berriak aldaketak izango ditu egituraketan, eta horietako bat izango da Emakundek Lehendakaritzari atxikitako zentro izateari uztea; Berdintasun eta Gizarte Gaietako Sailean kokatuko da orain. Horren inguruko kezka adierazi dute erakunde horren arduradun ohi batzuek.
Gaiari buruz galdetu dio EH Bilduk Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari Eusko Legebiltzarrean, gobernuaren kontrol bilkuran. Zehazki, Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak esan du «akats larria» dela Emakunde Lehendakaritzatik ateratzea, eta erabaki horretan atzera egiteko eskatu dio: «Gai sektoriala balitz bezala, politika feministek ezinbesteko duten zeharkakotasuna galtzen da horrela».
1988an sortu zen Emakunde, eta sorreratik bertatik egon da atxikita Lehendakaritzara. EH Bilduren arabera, horrek «zeharkakotasuna ematen zien berdintasun politikei, gobernuaren arlo guztietan eragiteko aukera, baina orain, EAJ eta PSEren arteko akordioan, gai sektorial gisa kokatu dute».
Etxebarrietaren iritziz, erabaki hori «bereziki larria da egungo testuinguruan, datozen urteotan hainbat erronka garrantzitsuri aurre egin beharko zaielako». Gaineratu duenez, «politika feministek erdigunean egon behar dute bizitzaren sostengarritasunari eta zaintzari erdigunea emateko, bai eta soldata arrakalaren erronkaren aurrean ere».