Emakunde EAEko Emakumearen Euskal Institutuak Berdintasunaren Emakunde saria aurten Irungo San Martzial eta Hondarribiko Jaizkibel alarde mistoei emango die, gaur Maria Silvestre erakundeko zuzendariak jakinarazi duenez. "Gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde egiten duten borroka" goretsi du.
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak apirilean emango die saria.
Epaimahaiak bi alardeen ibilbidea, eta lanaren garrantzia, oihartzuna eta eragina baloratu dituzte. Aipatu du hamabost urte daramatzatela emakumeen eskubideak aitortzeko lanean, "beti bide baketsuak erabiliz". Aldarrikapen horretan gizonek eta emakumeek parte hartu izana ere azpimarratu du.
Silvestrek azaldu du lan horri esker ikerketak eta azterketak egin izan direla arlo akademikoan, eta erakunde publikoei neurriak hartzeko eskatu die. "Legezko berdintasunak ez dakar beti benetako berdintasuna. Beraz, botere publikoek behar konstituzional, estatutario eta legezkoa dute eragozpenak gainditzeko eta neurriak hartzeko".