Martxoaren 8ko greba feminista forma hartzen ari da. Izaskun Landaida zuzendariak onartu du martxorako deitutako greba ez dela "ohikoa" izango, eta nabarmendu du bertan egingo diren aldarrikapenak eurak ere lan mundutik haratago doazela.
Hala, berdintasuna bultzatzea helburu duen kanpaina abiatuko du Emakundek asteazkenean. Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna lelopean, helduek gazteengan duten eragina nabarmentzen du kanpainak. "Ezin dugu gizarte berdinzailea eraiki, baldin eta eskolak, gurasoek, komunikabideek, enpresek eta azken finean gizartea osatzen dugun pertsona guztiok ez badugu egunerokoan berdintasunean jokatzen".
Emakundek ez ezik, Iruñeko Udalak ere gaur iragarri du bat egingo duela eta udaletxean greba egitea erraztuko duela. Udalak gaur goizean adierazpen bat onartu du grebarekin bat egiteko. Presidentetza Batzordean egin dute, eta zazpi boto izan ditu alde, eta lau kontra. Alderdi guztiek eman dute babesa, UPNk izan ezik.
Emakumeen Egunean 10:30ean bost minutuko bilkura bat egitera deitu du udalak udaletxearen aurrean, eta zinegotziak eta udal langileak parte hartzera deitu ditu, "greba feministari babesa eman eta bizitzaren arlo guztietan berdintasunari babesa emateko".
Horrela dio Iruñeko Udalak onartutako testuak:
"Behean sinatzen duten udal-taldeek aurkezten dute
Iruñeko Udalaren adierazpena 2018ko martxoaren 8ko Greba feminista babesteko.
Iaz, 2017ko martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, mugimendu feministak greba deitu zuen nazioartean, zeina mundu zabaleko 70 herrialde baino gehiagotan gauzatu baitzen.
Aurten, berriz ere mugimendu feministak greba-deialdia egin du datorren martxoaren 8rako, erakunde eta kolektibo sozial, politiko eta sindikalen babesarekin.
Grebak lanuzteak egiteko proposamenak biltzen ditu, lau arlo ardatz hartuta: enplegua, hezkuntza, zaintza eta kontsumoa. Emakumeekiko indarkeria eta desberdinkeria modu ugari sortzen dituen sistema patriarkalari aurre egiteko erantzun bat izan nahi du, agerian uzteko emakumeak gelditzen badira, mundua gelditzen dela.
Horregatik guztiagatik, eta bat etorrita mugimendu feministaren zioekin eta proposamenarekin Iruñeko Udalak honako hau adostu du:
- Mugimendu feministak egindako greba-deialdiarekin bat egitea, eta Udalbatzak greba egitea erraztea.
- Iruindarrak martxoaren 8aren harira deitutako ekitaldietan parte hartzera animatzea.
- 5 minutuko elkarretaratzea deitzea Udaletxearen parean datorren martxoaren 8ko 10:30ean, eta gonbit egitea Udaleko zinegotzi zein langile orori bertan parte hartzera, Greba Feministari eta bizitzaren arlo guztietan beharrezkoa den berdintasunari gure babesa erakuste aldera.
Iruñean, 2018ko otsailaren 21ean".