Maria Silvestre Emakunde institutuko zuzendariak gaur azaldu du frogatuta dagoela berdintasun neurriak hartzen dituzten enpresetan produktibitatea igo egiten dela.
"Harremana dago berdintasunaren, ekonomiaren eta enpresaren artean, eta lotura horrek krisi ekonomikotik ateratzeari mesede egiten dio", esan du Silvestrek, Berdintasunaren foroaren aurkezpenean. Foro hori gaurtik hilaren 28ra arte izango da, hamasei herritan, eta gaitzat Berdintasun esperientziak ekonomiaren esparruan hartu dute.
Horretan, 54 erakunde publiko eta pribatuk parte hartuko dute, baita hezkuntza eta politika arloko hainbat eragile eta sindikatuk ere. Emakumeei lanerako sarbidean nola lagundu eta lan baldintzak nola hobetu aztertuko dituzte, besteak beste.
Horrez gain, lana eta bizitza pertsonala bateratzetik "haratago" doazen neurriak zehaztu nahi dituzte. Berdintasunaren aldeko politika publikoak bultzatu eta gizartea sentsibilizatzea du helburu Emakundek.
Emakunderen datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan lanaldi partziala dutenen %86 emakumezkoak dira.