gizartea

Emakundek Hondarribiko eta Irungo alarde mistoei emango die 2011ko Berdintasun Saria

Hamabost urte daramate emakumeek alardean parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatzen. Emakundek azpimarratu du Berdintasun Legea onartzen bada ere emakumeen parte hartzea ez datorrela bat errealitatearekin eta benetako berdintasunarekin.

2012ko urtarrilaren 19a
19:02
Entzun

Emakundek gaur jakinarazi duenez, 2011ko Berdintasun Saria Hondarribiko eta Irungo alarde mistoek jasoko dute, epaimahaikideek zehaztu dutenez, "jaietan emakumeek berdintasunean parte hartzeko duten eskubidearen alde egindako lanagatik". Hondarribiko eta Irungo alardeek hamabost urte daramatzate emakumeek parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatzen, mugarriz mugarri.

Azken urteetan ez bezala, Maria Silvestre Emakundeko zuzendaria joan den irailean ez zen izan Hondarribian, alarde mistoari babesa ematen. Deigarria izan zen, baina are deigarriagoa izan zen Herrizaingo Sailak ibilbidea aldatzeko erabilitako argudioak ontzat eman izana; batez ere, kontuan hartuta haren zeregin nagusia emakumeen eskubideen alde egitea eta berdintasuna sustatzea dela.

Aresen neurriak bere egin zituen Emakundek

Iaz Eusko Jaurlaritzak Hondarribiko alarde mistoaren ibilbidea aldarazi zuen Herrizaingo Sailaren bidez, segurtasun neurriak argudiaturik. Emakundek orduko horretan bere egin zituen Rodolfo Ares Barne sailburuak emandako argudioak. Herrizaingo Sailak entseguetan San Pedro kalea zeharkatzea debekatu zien alarde mistokoei, eta alarde egunean Gernikako Arbola parke ingurutik igarotzea ere bai.

Hondarribiko Udaltzaingoak 2007an egin zuen txosten batean oinarritu zen Ares. Erabakiak, ordea, kritika asko eragin zituen. Bilgune Feministak salatu zuen alarde mistoaren ibilbidea aldatzeko argudioak "aitzakia" zirela. Jaizkibel konpainia mistoak helegitea jarri zuen erabakiaren kontra, eta neurria bidegabea zela argudiatu.  EAEko Auzitegi Nagusiak, ordea, aldaketa baimendu zuen.

Sostengu zabala eta plastiko beltzak

Jaizkibelek EAJren eta PSE-EEren jarrera "atzerakoia" kritikatu zuen orduan. Hori ikusirik, arduraz jokatzeko eskatu zien politikariei, eta "behingoz" Berdintasun Legea bete zezatela. Bilgune Feminista, Bildu eta Aralar ibilbide aldaketaren aurka azaldu ziren.

Helegitea berriro jarri bazuten ere, azkenean Jaizkibelek bete egin behar izan zuen Herrizaingo Sailaren debekua, ertzainen zaintzapean.  Sostengu zabala jaso zuten, baina plastiko beltzak agertu ziren berriro Hondarribiko kaleetan. Jaizkibel konpainiakoek eserialdia egin zuten Herrizaingo Sailaren neurrien aurka protesta egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.