Emakundek ontzat eman dituEusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak Hondarribiko (Gipuzkoa) alardeen ibilbidean aldaketak egiteko azaldutako argudioak. «Herrizaingo Sailetik argibideak jaso ditugu. Azaldu digute segurtasun arrazoiengatik egin dituztela moldaketak, eta Jaizkibel konpainiari ez ezik, alarde tradizionalari ere eragiten diotela. Alarde tradizionaleko konpainiak, adibidez, 15 minutu beranduago irtengo dira arratsaldean», adierazi dio BERRIAri Maria Silvestrek, Emakundeko zuzendariak. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek tinko defendatu du erabakia. «Ez dugu iraganeko eztabaidarik hasi nahi, alderantziz baizik. Alardea ahalik eta segurtasun eta normaltasun handienarekin egitea bermatu nahi dugu, bai ikusleentzat eta baita parte hartzaileentzat ere. Bi alardeen arteko elkarbizitza ziurtatu nahi dugu».
Herenegun jakinarazi zuen emakumeak soldadu gisa onartzen dituen Jaizkibel konpainiak Herrizaingo Sailaren ebazpen bat jaso zutela. Haren arabera, asteburuan hasiko dituzten entseguetan San Pedro kaletik igarotzea debekatzen zaie. Hilaren 8an, alarde egunean, berriz, ezingo dute Gernikako Arbola parke ingurutik pasa. San Pedro kalea Hondarribiko kale ezagunenetarikoa da, eta jende asko ibili ohi da; Genikako Arbola parketik abiatzen da, berriz, andreak soldadu gisa onartzen ez dituen alardea. Saindura bidean —han amaitzen du desfilea— Jaizkibel konpainia handik igarotzen da, eta bi alardeek elkarrekin topo egiten duten une bakarra da.
Ebazpena Herrizaingo Sailarena bada ere, Hondarribiko udaltzainburuak abuztuaren 25ean igorritako txosten batean oinarritzen da. Herrizaingo Sailaren ebazpenean aurrekari batzuk aipatzen dituzte, eta besteen artean 2007. urtean Ertzaintzak egindako txosten bat nabarmentzen da. Horretan esaten zen bi alardeak ez direla bateragarriak, eta aldaketak egin behar direla ibilbideetan eta ordutegietan. Jaizkibel konpainiak berehala jarri zuen helegitea ebazpenaren kontra.
Hain zuzen ere, erabakia Hondarribiko Udaltzaingoaren txosten batean oinarritze dela nabarmendu du Silvestrek, eta urte hauetan Hondarribiko Udalak izandako jarrera kritikatu du. «Irunen gertatu bezala, ez alkateak eta ezta udal gobernuak ere ez dute alardea berdintasunez egin dadin sustatu, eta arazoa luzatzea baino ez dute lortu. Festen helburua gizartearen batasuna eta ospakizuna izan behar dute. Baina, kasu honetan, guztiz kontrakoa gertatzen da». Benetakoa ez den normaltasun bat ematen dela iritzi dio. «Emakumeen bazterketa eta herritarren arteko zatiketa denboran luzatzen ari dira».
Hori konpontze aldera, gogorarazi du Emakunde Irungo eta Hondarribiko alarde parekideak laguntzen ari dela. «Ekonomikoki laguntza ematen diegu, desfilatzen jarrai dezaten. Gainera,adostasunerako nahiz eztabaidarako guneak sortzen ari gara berdintasuna lor dadin. Baina urruti ikusten dugu hori oraindik».
Erabaki «onartezina»
Jaizkibel konpainiaren arabera, erabakiarekin iraganeko «konfrontazio eta bazterketara» itzuli nahi da. «Hori dela eta, ez dugu onartuko. Ez dugu utziko arazorik ez dagoen tokian beldurra sor dezaten; elkarbizitza dagoen lekuan liskarra izatea. Elkarbizitza da gure helburua».
Hala, atzerapausorik ez onartzeko eskatu diete Hondarribiko herritarrei. «Alderantziz, jaiaz gozatzen eta beren eskubideak defendatzen jarrai dezaten eskatu nahi diegu, eta Jaizkibel konpainian desfilatzera animatu. Izan ere, gure helburua lortu ez dugun arren, urrats handiak egin dira berdintasunaren bidean». Eskari garbia egin diete erakundeei ere. «Irtenbidearen alde egin dezaten eskatzen diegu, Hondarribiko alkateak orain arte egin ez duen bezala. Liskarrak sortu beharrean konponbidearen alde egin dezatela nahi dugu».
Herrizaingo Sailaren erabakiaren xede bakarra Jaizkibel konpainiaren jarduera oztopatzea dela nabarmendu du Bilduk. «Emakumeek eta gizonek jaiak berdintasunean ospatzeko duten eskubidearen kontrako erasoa izan da. Berdintasunaren alde borrokan ari direnak dira kaltetuenak».
Argudio gisa segurtasuna erabiltzea «aitzakia» da Bilduren ustez. «Hondarribiko alardearen bilakaera aztertzen bada, inork ezin du ukatu gero eta istilu gutxiago ari direla gertatzen azken urteetan. Beraz, Aresek ezin du bere erantzukizun politikoa argudio eta aitzakia teknikoen atzean ezkutatu».
Hala, EAJren eta PSE-EEren jarrera salatu du. «Hilaren 8an ez dira alarde mistoa babestera joango. Etxean geratuko dira beste behin, emakumeen eskubideen defentsari eta Berdintasun Legeari muzin eginez».
Horren karietara, emakumeen eskubideen defentsan duen konpromisoa berretsi du Bilduk. «Dugun kapital politiko eta instituzional guztia jarriko dugu benetako berdintasunaren mesedetan».
Emakundek onartu egin ditu alardearen bidea aldatzeko Aresek emandako arrazoiak
Herrizaingo sailburuak dio «segurtasunagatik» egin dituztela aldaketak eta alarde tradizionalari ere eragiten diotela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu