Eusko Jaurlaritza

Emakunderen aholku batzordeak Urkulluri eskatu dio erakundea Lehendakaritzari atxikitzeko berriro

«Erabat gaitzesten du» erakundea Gizarte Gaien Sailera mugitu izana, eta hori jakinarazi dio lehendakariari, gutun baten bidez.

Iñigo Urkullu Emakunderen ekitaldi batean, iazko apirilean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko irailaren 18a
14:23
Entzun

Emakunderen Aholku Batzordeak eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari emakumearen euskal erakundea Lehendakaritzari atxikitzeko —1988an eratu zutenetik, hartara egon da atxikita, bere «sortze legeak» hala ebatzita—. Erakundeak Eusko Jaurlaritzarekin elkarrizketatzeko daukan organoa da aholku batzordea, eta Urkulluri gutun bidez jakinarazi dio «erabat» gaitzesten duela erakundea Gizarte Gaien Sailera mugitu izana. Horrenbestez, eskatu dio lehendakariari erakundeak izaera autonomoa izan dezala aurrerantzean ere, «politika ekintzen bidez erakusten delako, eta ez promesekin edo konfiantza eskaerekin».

Aholku batzordeak kaleratutako oharraren arabera, Jaurlaritzak Emakunde Lehendakaritzatik aterata, «mezu sinboliko bat» helarazi die bai herritarrei, bai administrazioei: «Herri honetako berdintasun politikek beren zentraltasuna galtzen dute, beren hierarkia toki gorena, eta gizarte politiketara baztertuta geratzen dira, duela 40 urte baino gehiagoko asistentzia eredura itzuliz». Horregatik, berdintasunaren aldeko borrokan «atzera» egin izana «deitoratu» du Emakundek Jaurlaritzarekin mintzatzeko daukan organoak.

Gogoratu du, bide batez, NBE Nazio Batuen Erakundeak Emakunderi saria eman ziola 2015ean, bai genero ikuspegia sustatzeagatik, bai «bikaintasuna» erakusteagatik EAEko Berdintasun Legea ezartzeko orduan. Beraz, hori kontuan hartuta, Emakunderen aholku batzordeak uste du bost urte geroago «desagertu» egin dela saritua izateko «arrazoia». Emakunde Gizarte Gaien Sailera eramanez, erakundea «erabat baliogabetua izateko arriskuan» dagoela ohartarazi du aholku batzordeak. Horrek «zalantzan» uzten du Berdintasun Legea bera betetzea.

Joan den irailaren 7an argitaratu zuen Jaurlaritzak gobernuaren egituraketa berria, eta Emakunde lekuz aldatu izanak erreakzio soka luzea ekarri du. Zenbait talde feministak eta Emakunderen sorreran aitzindari izandakoek eskatu diote Urkulluri erakundea Lehendakaritzari atxikitzeko, eta Txaro Arteaga Emakunderen zuzendari izandakoak gutun bat helarazi zuen hedabideetara, lehendakariaren erabakia kritikatuz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.