2011ko Berdintasunerako Emakunde Saria Hondarribi eta Irungo alarde parekideentzat izango da. Hala erabaki du Emakundek, jaietan eta ospakizunetan emakumeek berdintasunean parte hartzeko duten eskubidearen alde bi alardeok egin duten lana goraipatuta.
Emakundek azpimarratu du alarde mistoetan emakumeek duten parte hartzeak agerian uzten duela, legeek berdintasuna onartu arren, errealitatea ez datorrela bat beti horrekin.
Epaimahaiak goraipatu egin du bi alarde mistoek emakume eta gizonen berdintasunaren alde egindako lana. Aldi berean, azpimarratu du bide baketsuak erabili dituztela beti eta zailtasun handiei aurre egin behar izan dietela.
Emakunderen esanetan, erritual eta sinboloek garrantzi handia daukate emakume eta gizonen sozializazio prozesuan. Hala, beharrezkotzat jo du haietan esku hartzea emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatu eta emakumeen aurkako indarkeria saihesteko.
Gainera, Emakundek gogorarazi du alardeek mundu akademikoan ere oihartzuna izan dutela. Izan ere, antropologia eta giza zientzietan hainbat ikerketa egin dira gaiari buruz, eta «lagungarri» izan dira emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko beste ekimen batzuentzat ere.
Emakundek esan du beti egin duela alarde mistoen eskarien alde. Maria Silvestre zuzendariaren hitzetan, «konstituzioak, estatutuak eta legeak aginduta, erakundeek oztopoak gainditu eta beharrezkoak diren neurriak bultzatzeko betebeharra dute emakumeek ospakizun horietan parte hartu ahal dezaten gizonen baldintza berberekin».
Sariarengatik 14.400 euro jasoko dituzte alarde mistoek.
Iazko Hondarribiko alardean ika-mika handia sortu zen Emakunderen jarrera dela-eta. Izan ere, Herrizaingo Sailak Jaizkibel konpainia mistoa behartu zuen ibilbidea aldatzera. Alarde tradizionalarekin ez topo egiteko hainbat kaletatik sartzea debekatu zien Jaurlaritzak Jaizkibel konpainiako kideei, eta Emakundek onartu egin zituen aldaketok, segurtasunaren aitzakia aintzat hartuta. Ezinegon handia eragin zuen horrek, eta Silvestrek berak azalpenak eman behar izan zituen Eusko Legebiltzarrean.
Alternatibak ontzat jo du saria, baina jarrera hori kalean erakusteko eskatu dio Emakunderi. Hala, gogora ekarri du iazko debekuaren aurrean egindakoa.
Emakunderen berdintasun saria, Irun eta Hondarribiko alarde mistoentzat
Jaietan eta herrietako ospakizunetan andreek berdintasunean parte hartzearen alde egin duten lana saritu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu