2011ko Berdintasunerako Emakunde saria Hondarribi eta Irungo alarde parekideentzat izan da, eta haietako kideak Donostiako Kursaalera saria jasotzera desfilean joan dira, Bulebarretik. Txalo ugari jaso dute, eta une hunkigarriak bizi izan dituzte. Txilibitu hotsak erakarrita, jendea tabernetatik eta dendetatik atera da. Kursaal aurrea leporaino bete da. Ia arratsaldeko zazpiak zirela sartu dira barrura alarde mistoetako kideak.
Jaietan eta ospakizunetan emakumeek berdintasunean parte hartzeko duten eskubidearen alde bi alardeok egin duten lana goraipatu du Emakundek, eta horregatik eman die saria. Emakundek azpimarratu du alarde mistoetan emakumeek duten parte hartzeak agerian uzten duela legeek berdintasuna onartu arren errealitatea ez datorrela bat beti horrekin.
Kursaaleko ekitaldian izan dira, besteak beste, Gemma Zabaleta eta Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako sailburuak, Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Larraitz Ugarte Diputazioko bozeramailea, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Iñigo Lamarca EAEko arartekoa.
Sariko epaimahaiak goraipatu egin du bi alarde mistoek emakume eta gizonen berdintasunaren alde egindako lana. Aldi berean, azpimarratu du bide baketsuak erabili dituztela beti eta zailtasun handiei aurre egin behar izan dietela.
Emakunderen esanetan, erritual eta sinboloek garrantzi handia daukate emakume eta gizonen sozializazio prozesuan. Hala, beharrezkotzat jo du haietan esku hartzea emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatu eta emakumeen aurkako indarkeria saihesteko.
Sariarengatik 14.400 euro jasoko dituzte alarde mistoek.
Iazko Hondarribiko alardean ika-mika handia sortu zen Emakunderen jarrera dela-eta. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak Jaizkibel konpainia mistoa behartu zuen ibilbidea aldatzera. Alarde tradizionalarekin ez topo egiteko, hainbat kaletatik sartzea debekatu zien Jaurlaritzak Jaizkibel konpainiako kideei, eta Emakundek onartu egin zituen aldaketok, segurtasunaren aitzakia aintzat hartuta. Ezinegon handia eragin zuen horrek, eta Silvestrek berak azalpenak eman behar izan zituen Eusko Legebiltzarrean.