Emakunderen ustez, sektore publikoak arduren banaketa gehiago sustatu behar du

Berdintasunerako IV. planaren ekimenen %6 baino ez dira arduren banaketara bideratu administrazioetan

Jon Rejado.
Gasteiz
2010eko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Emakumeen eta gizonen artean ardurak banatzea errazten duen gizarte eredu batera jotzea ezinbestekoa da Emakunderen iritziz, berdintasunean aurrera egiteko. Ordea, norabide horretan EAEko instituzioek egin dituzten ekintzak «eskasak» izan dira Berdintasunerako IV. Planean. Arduren banaketa aipatu planak dituen lau ardatz nagusietako bat da, baina 2008an instituzioek egindako ekintzen %6 baino ez ziren horretara bideratu, Emakunderen aburuz.

«Kezkagarritzat jo daiteke, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren bidean oso garrantzitsua den ardatza den aldetik», gogorarazi zuen Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak atzo Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian. Berdintasun Plana indarrean egon den urte guztietan egoera bertsua izan dela gogorarazi zuen, eta urte horietako ekintza gehienak lana eta bizitza pribatuabateratzeko neurriak izan direla.

Azken neurri horiek «emaitza maltzurrak» dituztela gogorarazi zuen Silvestrek. Emakumeak dira, hein handi batean, lana eta alor pribatua bateratzeko neurriak hartzen dituztenak, eta horren bidez gizon eta emakumeen soldaten arteko aldea are gehiago handitzen da. Ordea, arduren banaketa erraztuko lukeen «gizarte antolaketan» aldaketak lortzeko erremintak sortzeko ekintzarik ez dela egin esan zuen.

Genero berdintasuna filosofiatzat hartzea eta politikak egitean generoa ikuspuntu sartzearen aldekoak izan dira Berdintasunerako IV. Planeko ekimen gehienak; udaletan, aldundietan eta Eusko Jaurlaritzan egindako ekintzen %37,5 ardatz horren baitan egon dira. Emakumearen ahalduntzea eta gizartean zein politikan parte hartzea sustatzeko ekintzak %36,4 izan ziren, eta indarkeriaren aurka lan egiteko ekintzak %20,1

Urte honetan Berdintasunerako V. Plana lantzen hasiko da Emakunde, eta bertan hainbat aldaketa egongo direla aurreratu zuen Silvestrek. IV. Plana «oso mamitsua» zela nabarmendu ondoren, plan berria«eraginkorragoa» izatea bilatuko dutela jakinarazi du, jarraipenari eta ebaluazioari garrantzi gehiago emanez. Mainstreaming delakoak ardatza izateari utzi, eta ekintzak garatzeko metodologia izango da.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko datuen artean indarkeri kasuen salaketak nabarmendu zituen. 2008an 4.375 salaketa jarri ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 2006an baino %18 gehiago. Ordea, Silvestrek zehaztu zuen hazkunde horrek ez duela zertan lotuta egon behar indarkeri kasuen hazkundearekin, baizik eta gizartearen jarrerarekin. Hau da, kontzientzia hartu ahala salaketa kasuek gora egin dutela uste du berak.

Horrez gain, pobretasun arriskua duten pertsonetatik %82,9 emakumeak direla gogorarazi zuen Silvestrek. Halaber, krisiak,kontrakoa esan izan den arren, emakumeengan bereziki eragin duela nabarmendu zuen. Silvestreren aburuz, emakumeen baldintzek okerrera egin dute, maiz gizonaren soldata galtzean emakumeak hartu behar izan duelako ardura hori bere gain.

Bukatzeko, aldaketa«iraultza kulturalaren» bidetik etorriko dela nabarmendu zuen. «Aurrez baldintzatu gabeko erabakiak hartzean berdintasunaz hitz egingo dugu».

Instituzioen babesa

Emakundeko zuzendariaren agerraldiaren ostean, Legebiltzar taldeek adostutako testua irakurri zuen Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordeko presidentea Bixen Itxasok. Besteak beste, berdintasuna lortzeko pertsona guztien «parte-hartzea eta konpromisoa» beharrezkoa dela nabarmendu zuen, eta horren alde lan egiteko asmoa azaltzeaz gain ardura banaketaren aldeko neurriak hartzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari.

Ildo beretik jo zuten Euskal Herriko instituzioek. Patxi Lopez lehendakaria estereotipoekin bukatzearen alde agertu zen, lan munduan zein hezkuntzan. Bizkai eta Gipuzkoako batzar nagusiak edo Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek ere berdintasunaren aldeko adierazpenak egin zituzten. Berdintasuna oinarri duen gizartean bizitzea guztien mesederako dela aldarrikatu zuten, ildo berean, Euskal Herriko udal eta talde politiko gehienek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.