EMAren ustez, «ez da premiazkoa» hirugarren dosia jartzea

ECDC Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak atzo argitaratutako txosten teknikoa oinarri hartuta, EMAk esan du ez dagoela «urgentziazko premiarik» COVID-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia jartzeko. Immunodeprimituen kasuan, ordea, ontzat jo du dosi gehigarri bat ematea.

Osasun langile bat COVID-19aren aurkako txertoa jartzen. JON URBE/ FOKU
edurne begiristain
2021eko irailaren 2a
11:22
Entzun

Gaur egun dagoen ebidentzia zientifikoa aintzat harturik, EMA Sendagaien Europako Agentziak uste du ez dela beharrezkoa COVID-19aren kontrako hirugarren dosia jartzea. ECDC Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak argitaratutako txosten teknikoa oinarri harturik, erakundeak uste du ez duela «urgentziazko premiarik» hirugarren ziztada jartzeak. EMAk atzo hartu zuen erabakia, eta gaur ohar bidez azaldu ditu arrazoiak. Erakundeak esan du txertoaren eraginkortasunari buruzko ebidentziak eta txertoen babesaren iraupenak erakusten dutela gaur egun Europako Batasunean baimendutako txerto guztiek babes maila handia eskaintzen dutela; hala ere, oraindik 18 urtetik gorako hiru herritarretatik batek ez dauka pauta osoa, eta une honetan pertsona horien txertaketa prozesua amaitzeak izan behar du «lehentasuna», EMAk dioenez.

Nolanahi ere, EMAk zehaztu du immunitate sistema ahula dutenen kasuan –immunodeprimituen kasuan batez ere– gomendagarria izan daitekeela hirugarren dosia jartzea, hainbat ikerketak erakutsi dutelako pertsona horien immunizazio maila hobetu egiten dela txertoaren dosi gehigarri bat hartuta. Halaber, EMAk hirugarren ziztada hartzeko bidea ireki du zaurgarrien diren adineko pertsonen kasuan; bereziki, egoitzetan bizi direnen kasuan.

EMAren iritzia aintzat hartu zuen atzo Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioko txertoen batzordeak, eta COVID-19aren aurkako hirugarren dosia soilik pertsona immunodeprimituei ematea aholkatu zuen. Datorren astean bilduko da Espainiako Gobernuko Lurralde Arteko Osasun Batzordea, eta han hartuko dute hirugarren dosiari buruzko behin betiko erabakia.

Ipar Euskal Herrian, berriz, hilaren 13tik aitzina zahar etxeetako egoiliarrek aukera izango dute hirugarren ziztada hartzeko. Izan ere, koronabirusaren kontrako txertoaren immunitatea sendotzeko asmoz, hirugarren ziztada hartzeko bidea ireki zuen Frantziako Gobernuak, eta horretarako onespena eman zion Frantziako Osasun Aginte Gorenak abuztuaren amaieran: 65 urtetik gorakoei eta herritar zaurgarriei hirugarren dosia hartzea gomendatu zien.

OME ere aurka
EMA ez ezik, OME Osasunaren Mundu Erakundea ere COVID-19aren kontrako txertoaren hirugarren dosia jartzearen aurka azaldu da. OMEk abuztu hasieran eman zuen hirugarren dosiari buruzko iritzia, eta, horren arabera, hirugarren dosirako bidean dauden herrialdeetan jende ugari txertatuta badago ere, txertatutakoen ehunekoa oso apala da beste herrialde batzuetan, eta toki horietako txertaketa planak bultzatu behar dira aurrena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.