Emakumeen aurkako indarkeria

Emazte ohia hil zuela onartu du akusatuak epaiketan

Deisy Mendoza labanaz hil zuten, orain bi urte; urruntze agindua zuen arren, senar ohiak maiz hausten zuen agindua

2013ko maiatzaren 23a
09:55
Entzun

2011ko abuztuaren 22an emazte ohia, Deisy Mendoza, labankadaz hil zuela onartu du akusatuak, epaiketaren lehen egunean. Baina alabei sexu abusuak egin zizkiela ukatu du. Atzo hasi zuten epaiketa, Bilbon. Krimena bere gain hartu zuen senar ohiak, eta defentsako abokatuak zigorra jaisteko eskatu zuen horregatik; akusazio partikularrak 30 urteko kartzela zigorra eskatzen jarraitu du harentzat; hamabost urtera jaisteko eskatu du abokatuak.

Arazoak ez zituzten berriak bikotean, dena den. Hilketa gertatu baino hiru hilabete lehenago epaitu egin zuten gizona, eta zigortu egin zuten, emaztea mehatxatu eta laidoztatu egiten zuela frogatutzat jota. Urruntze agindua ezarri zioten, 500 metrora ez gerturatzeko. Baina senar ohiak maiz urratzen zuen agindu hori. Etxean lan egiten zuen emakume batek epaiketan azaldu du Mendoza senar ohiaren beldurrez bizi zela. Akusatuak, aitortu duenez, hilketaren egunean ere hautsi egin zuen urruntze agindua. Emazte ohiarekin igogailuan joan zen, eta labanaz hil zuen.

Auzitegi medikuntzako aditu eta psikiatrek ere hitz egin zuten atzo. Azaldu zuten akusatutako gizonezkoak ez duela buruko osasun arazorik. Nabarmendu dute, ordea, joera «matxista» duela eta jeloskorra dela; hilketaren ostean izan zuen jarrera «hotza» ere aipatu zuten adituek.

Hiru ume zituen bikoteak, eta haiek ere ondorio psikologikoak izango dituztela adierazi zuten adituek; hilketa gertatu aurretik ere etxean «indarkeria giroa» bizi zutela erantsi zuten. Bi alabei sexu abusuak egiten zizkiela ere uste dute adituek; akusatuak ukatu egin du salaketa hori.

Bortxaketa saio bat

Atzo, bestalde, 34 urteko gizon bat atxilotu zuten Gasteizen, prostituta bat bortxatzen saiatu eta jo zuelakoan. Emakumeak gizonaren etxetik ihes egin zuen, eta erietxera eraman zuten zauriak sendatzera. Gizona bere kabuz aurkeztu zen polizia etxera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.