Emazte presoen baratzea irekitzekotan

Tarnosko Emmaus Baudonne etxaldea presondegiko zigor luzea betetzen duten hamar bat emazteren bizigune bilakatuko da laster; baratzezaintzan profesionalki formatuko dira batzuk, baina denentzat gizarteratzeko bide izateko pentsatua izan da.

2,5 hektareako lur eremuak inguratzen du Baudonne etxaldea Tarnosen. BERRIA
Joanes Etxebarria.
2020ko irailaren 11
13:40
Entzun

Zazpi emazte preso hartuko dituzte hastapen batean Tarnosko Emmaus Baudonne etxaldean, eta hamar bat, heldu den urtetik goiti. Baratzegintzan ariko dira nagusiki, gizarteratzerako lan kontratu mugatu batekin, baina xedea zabalagoa da, bizigune bat eskainiko baitzaie.

Etxaldera ondoko asteetan bilduko diren emazte gehienek presondegi zigor luzea bete dute, Emmausen printzipioa beharrunerik handiena dutenak laguntzea baita, etxaldeko zuzendari Gabi Mouescaren erranetan: «Behar gehien dutenak usu dira kondena luzea betetzen dutenak, egiazko bizitik urrun direnak. Horien laguntzea da gure misioa». Baratzegintza izanen bada ere ardatz nagusia, zuzendariak argi du batzuk horretan formatzera jinen badira ere ez dela gehienen kasua izanen, «baina badakite haientzat gauza ona dela gure etxaldean izatea, badakite bizigune bat dela eta, Emmausen egitura izanik, harremanak ikusteko manera bat badela».

Aste honetan bertan, leku berean, Ose elkarteak eskola alternatibo baten ateak ireki ditu; 3 eta 11 urte arteko 28 haur biltzen ditu. Heldu den urtean jatetxe bat ere irekiko da ondoan. Presoen gizarteratzeko xedean horrek guztiak badu bere lekua, Gabi Mouescaren arabera: «Bizigunearen kontzeptua biziki inportantea da. Ezagutzen dut pixka bat presondegiaren mundua eta ohartzen naiz gu bezalako egiturak usu pixka bat tristeak direla, gauzak preso horien artean egoten dira eta bizia ez da sobera ikusten».

Horri kontra egin nahian, «egiazko bizigune» bat sortu nahi dute Tarnosen. Laster irekitzekoa den jatetxea kanpoko jendeari irekia izanen da, bistan dena. Nahiz eta egitura berean biltzen diren eskola, Emmaus zentroaren ohiko salmenta gunea, laborantzako lurrak eta laster jatetxea ere, horien arteko zubiak ez dira aitzinetik finkatuak: «Ez dakigu zer gertatuko den baina ez da dudarik gauzak naturalki eginen direla. Beharbada, emazte preso bat ukanen dugu artista dena, eta bistan da emazte hori eta haurrak bilduko direla momentu batez gauzak irakasteko». Lur horietan lehenago izan zen futbol zelaia berriz plantan ezartzea ere helburuetan dute, bizigunearen eremua handitzeko gisan.

Baratzegintza erdigunean

COVID-19ak epeak hilabete batzuez gibelatu baditu ere, bi hilabeteren buruan hasiko dira laborantza biologikoan sailkatuak diren lurrak lantzen. Aste gutira lehen emazte presoak helduko dira, eta berotegiak plantatzen eta lurrak prestatzen ariko dira hastapenean. Alexandre Azarian ariko da gidari lanetan, «orkestra zuzendari» gisa, haren erranetan. Lurrak laborantza biologikora pasatzeko lehen urratsak aitzinetik eginak ditu eta 2023rako ofizialki biologikoan ariko dira.

Tarnosko Herriko Etxeari alokatu 2,5 hektareako lurretan emeki hasteko intentzioa dute. Kanpoan sei mila bat metro koadro eta mila bat metro koadro berotegientzat hasteko, hurbilduko den emazte kopuruaren arabera. «Bide luzea eta konplikatua da xedean parte hartu nahi duten emazteentzat» Azarianek dioenez, presondegiko administrazioak edo epaileak bitartekari baitituzte, eta zaila zaio zehazki jakitea zenbat emazte izanen den 2021. urtean adibidez.

Ez dute ekoizpen helburu kuantitatiborik, presoen gizarteratzea baita xede nagusia. Alexandre Azarian: «Ideia da lanaren bidez autonomia kausitzea eta norbere konfiantza handitzea. Baratzegintza tailer desberdinetan zatikatzen ahal denez, tailer desberdinen ardurak proposatuko zaizkie: lehenik, pixka bat, eta geroz eta gehiago». Zuzendariak bezala, Azarianek ere uste du gehienentzat baratzegintza bidea egiteko manera bat dela, baina horretara profesionalki bideratu nahi dutenek ukanen dute manera, Hazparneko laborantza eskolarekin eta beste batekin dituzten hitzarmenak direla medio.

Eskala handiko ekoizpenik ez dute helburuetan, baina halere guneko apairuetarako autonomia kausitzea egingarri ikusten du baratzezainak. Soberakinak, lekuan berean salduko dituzte. «Baina etxaldearen ibilmoldea ez da ekoizpenean oinarritzen», gehitu du Azarianek. Alorretan hogei bat orenez lan eginen dute aste oroz, baina denbora utziko zaie gizarteratzerako beste sailentzat, gidabaimena pasatzeko adibidez.

Beste langile baten esku izanen da, hain zuzen, jarraipen sozialaren ardura. Oraingoz, presondegi eta egitura desberdinetan etxaldearen berri ematen ari da langile hori, presoek postulatzeko parada ukan dezaten; berantago, etxaldeko preso bakoitzaren bizi proiektua segituko du: osasun fisiko eta mentala hasteko, harreman sozialetan laguntza, helburu profesionalak landu... Epe luzean egonen dira presoak Tarnosen (sei hilabete eta bi urte artean), «behar den laguntza ukan dezaten gizartean beren lekua berriz atzemateko», Mouescak dioenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.