Emakumeen aurkako indarkeria

Emaztea itotzen saiatu delakoan gizon bat atxilotu dute Durangon

Beste bat Bilbon, bikotekide ohia jipoitzea egotzita

2006ko azaroaren 4a
15:52
Entzun
Azken orduetan bi gizonezko atxilotu dituzte genero indarkeria delituak egin dituztelakoan. Bart, 64 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak Bilbon, emaztea lepoa estututa itotzen saiatzea leporatuta. Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko iturrien arabera, senar-emazteen etxebizitzan gertatu da erasoa: eztabaidan ari zirela gizonezkoak galtzerdi bat hartu du eta harekin lepoa estutu dio andreari, itotzeko ahalegina eginez. Emaztearen garraisiak tarteko, lepoa estutzeari utzi eta gela horretatik alde egin du gizonak. Gutxira, ordea, berriro itzuli da mehatxuka, eta ihes egin eta bizilagun baten etxean babestu behar izan du andreak. Handik hotsegin diote Ertzaintzari. Emakumezkoa aztertu ondoren, lepoan zauriak zituela ikusi dute ertzainek eta gizona atxilot egin dute.

Bilboko atxiloketari dagokionez, goizaldeko lau eta erdiak aldera gertatu da: abisu bat jaso du Ertzaintzak, Deustua auzoko Benidorm kaleko etxebizitza batean eraso bat gertatzen ari zela esanez. Hara joan direnean, emakumea lurrean botata aurkitu dute, eta ustezko erasotzailea, berriz, ihes egin nahian. Andreak hainbat kolpe zituela ikusi dute, eta bikotekide ohiak egin dizkiola agertu die. Ondorioz, gizonezkoa atxilotu egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.