Herrira erakundea legezkoa da Ipar Euskal Herrian, baina Espainiak Emili Martinen kontrako euroagindu eskaera egin du. Ipar Euskal Herrian izandako jarduera leporatzen diote; "bada kasik hamar urte ez noala Hego Euskal Herrira", adierazi du Martinek. Gaur salatu dute eskaera hori Baionan, eta urriaren 10erako elkarretaratzera deitu dute Lapurdiko hiriburuan, balizko epaiketaren bezperan.
Prentsaurrekoan salatu dute Herrira-ren kontrako epaiketan Martinekin batera beste 46 kide auzipetu dituztela eta euskal preso politikoen alde egindako lana epaituko dutela. Oroitarazi dute Arantxa Zulueta abokatua auzi beragatik dagoela presondegian eta azken hiru urteetan bakarturik atxiki dutela. 2011ko urrian ETAk borroka armatua utzi zuenetik, euskal gizartea gatazkaren konponbide "baketsu, demokratiko eta politikoaren" alde "azkarki" engaiatu dela azpimarratu dute, baina, bitartean, Espainiako eta Frantziako Gobernuak "errepresioaren bidetik" jarraitzen dutela.
Deitzaileen hitzetan, "euskal preso politikoena gai nagusia da bake prozesuaren garapenerako"; horregatik, bi eskaera egin dituzte: batetik, sakabanaketa bukatu, eta eri diren presoak eta baldintzapekoa eskura dezaketenak askatzea. Bestetik, Emili Martinen kontrako euroangindua ez aplikatzea, Arantxa Zulueta askatzea eta beste akusatuen kontrako neurriak bertan behera uztea.
Deitzaileen zerrenda: Giza Eskubideen Liga, Bake Bidea, Cimade Baiona, Ensemble, Bizi!, Etxerat, Giza Eskubideen Aldeko Ipar Euskal Herriiko Batzordea, EKB, LAB, ELB, EHZ, Aitzina, EELV, EHBai, Abertzaleen Batasuna, Sortu, NPA Pays Basque, Autonomia Eraiki, Indar Beltza, Emazteek Diote, Paf!, Bortizkeria Sexisten Kontrako Kolektibo Feminista, CFDT Pays Basque.