Hain zuzen ere, PSE-EEko zuzendaritzak eskatuta Gernikako Estatutuaren erreforma proiektua lantzen ari da Gebara, baina argi eta garbi utzi du beren ekimena ez dela estatutu berri bat osatzeko proposamena, egungoa "guzitz baliagarri eta egokia" hobetzekoa baizik.
Ildo horretatik, Ibarretxeren Plana eta PSE-EE lantzen ari dena "doi-doi kontrakoak" direla azpimarratu du. Kontrakoak, elkar jotzen duten filosofia batetik abiatzen direlako. Izan ere, Gebararen iduriko, Ibarretxeren abiaburua egungo markoa, "1979an adostutakoa", eta Espainiako Konstituzioa zein Gernikako Estatutua oinarri dituena, hankaz gora jartzea da; hau da, erabaki eremua euskal herritarrengan finkatzea eta subjektu politiko burujabe gisa eratzea, erabaki eremua Espainiako Estatuan dagoela aintzat hartu gabe.
Hori dela eta, Ibarretxeren Plana "inposaketa" dela iritzi dio Gebarak: 1979ko adostasunean parte den Espainiako Estatuari ezarri nahi zaion inposaketa. Ildo horretatik, Ibarretxeren Planak ez duela bideragarritasunik nabarmendu du PSE-EEko batzarkideak, eta "kea saltzen" aritzea egotzi dio lehendakariari. "Ibarretxe kea saltzen ari da. Oso ardura larria hartzen ari da bere gain, tentsioa eragiten baitu eta irtenbiderik ez duten ilusioak sortzen ari baita jende askorengan. Gure munduan eta datorrenean jarrera apurtzaileek ez dute lekurik; Ibarretxeren proposamenak ez du irtenbiderik eta ez du behar besteko babesik. Kea saltzen ari da; ke itogarria", esan du.
Autodeterminazio eskubidea negoziagarri
Sozialistak Ibarretxeren Planaren eztabaidan eta negoziazioan parte hartzeko prest daudenetz galdetu diotenean,baldintza proposamenaren hitzaurrea eta 12. artikulua negoziatzea dela erantzun du. Izan ere, Jaurlaritzaren Estatutu proposamenaren bi atal horietan Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen aintzatespena negoziaezin gisa agertzen dela esan du Gebarak, eta PSE-EE Ibarretxeren Planaren eztabaidan sartzeko ezinbestekoa delaautodeterminazio eskubidearen onarpena negoziagarri izatea.
Politika
Emilio Gebara: "Ibarretxe kea saltzen ari da; ke itogarria"
Emilio Gebara Arabako PSE-EEko batzarkidearen arabera, Jaurlaritzaren Estatutu proposamenak ez du aurrera ateratzeko inolako aukerarik, inongo bideragarritasunik. Hori dela eta, "kea saltzen" aritzea egotzi dio Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariari. "Ke itogarria" dela azpimarratu du, "tentsioa" eragiten duelako, eta jende askorengan funtsik gabeko ilusioa sortzen duelako. ETB2ko 'El Punto' saioan egin ditu adierazpen horiek PSE-EEko batzarkide eta EAJko buruzagi ohiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu