Politika

Emilio Olabarria: "Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Gobernuak esandakoa erabakiko du Ibarretxe Planari buruz"

Espainiako Justiziak Ibarretxe Plana Auzitegi Konstituzionalera eramango balu gertatuko litzatekeenari buruz ez du dudarik Emilio Olabarria EAJko legebiltzarkide eta CGPJ Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko kide ohiak: auzitegi horrek atzera botako luke Jaurlaritzako lehendakariaren egitasmoa, hain zuzen ere, Konstituzionalak afera horretan Espainiako Gobernuak agindutakoa beteko lukeelako. Hala adierazi du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.

2003ko abuztuaren 20a
13:35
Entzun
"Ibarretxe Planak aurrera egingo balu eta ordenamendu juridikoan sartu beharko balitzateke, eta Konstituzionalak haren zilegitasunari buruz erabaki beharko balu, Gobernuak esandakoa egingo luke Konstituzionalak", esan du Olabarriak. Halaber, Auzitegi Konstituzionalean "fede gutxi" duela nabarmendu du, haren osaketa oso-osorik Estatuak erabakitzen duelako autonomi erkidegoen inolako parte-hartzerik gabe. "Estatu eredu unitario bati erantzuten dio Konstituzionala osatzeko egungo sistemak, eta ez autonomietan oinarritutako estatu bati. Espainiako sistemak Frantziakoaren antz gehiago du eredu federaletan oinarritzen diren Alemaniako, Belgikako, AEBetako edo Kanadako sistemena baino", azaldu du.

Azken egunotan Espainiako Gobernuko zein Justiziako hainbat agintarik Ibarretxe Plana Konstituzionalean errekurritzeko asmoa agertu dute; besteak beste, Enrique Lopez CGPJko bozeramaileak.

Gaur egun, Espainiako Estatuan demokraziaren oinarri den botere banaketa ba ote dagoen "guztiz zalantzagarria" dela azpimarratu du Olabarriak.

Manifestazioen debekuak eta "legedi inperfektua"

Ibarretxe Planaren inguruan Konstituzionalarekin sor daitekeen aferari buruz ez ezik, ezker abertzalearen inguruko jendeak azkenaldion antolatu dituen manifestazioen inguruan eta jaso dituzten debekuen gainean ere mintzatu da EAJko legebiltzarkidea. Olabarriaren arabera, Jaurlaritzako Barne Sailak eta EAEko Auzitegi Nagusiak hartu dituzten erabaki kontraesankorrak "konpatibleak" dira euren artean. Izan ere, erakunde horiek biak "legedi inperfektu baten biktima" direla iritzi dio; hain justu, Espainiako Alderdien Legeak hutsune handiak dituela eta Baltasar Garzonen autoek are eta gehiago ilundu dutela uste du Olabarriak, eta, ondorioz, Barne Sailaren debekua eta EAEko Auzitegi Nagusiaren ondorengo baimena bateragarriak direla "legedi inperfektu" horrek eragindako "segurtasun ezaren" baitan.

SA Sozialista Abertzaleak taldea desegiteko ezadostasunaren inguruan Eusko Legebiltzarraren eta Espainiako Botere Judizialaren artean sortu den liskarra dela eta, Juan Mari Atutxa, Gorka Knörr eta Kontsi Bilbaomahaikideen kontrako kereilak aurrera egitea eta haiek prozesatzea "oso litekeena" dela esan du Olabarriak. Hain zuzen ere, Espainiako Gobernua Legebiltzarreko hiru kide horiek auzipetuta agertuko liratekeen "argazkiaren bila" dabilela iruditzen zaio EAJko legebiltzarkideari: "azken batean, abertzaletasun demokratikoa eta indarkeria parekatu nahi dituzte, eta horretarako nahi dute argazki hori". Espainiako Botere Judizialaren eta Eusko Legebiltzarraren arteko liskarra Aznarren Gobernuak bultzatu du Olabarriaren iduriko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.