Euskalerria irratiak, Radio Euskadik, Euskadi Irratiak eta Radio Mariak Erreniega mendiko (Galar, Nafarroa) antenetatik emankizunak ekainaren 30erako eteten ez badituzte, Nafarroako Gobernuak «esku hartu» beharko duela jakinarazi du Joaquin Ortigosa Komunikazio zuzendari nagusiak. Hala ere, erabaki hori hartu aurretik «letratuen gomendioei egingo diet kasu, eta ondoren ebatziko dugu ebatzi beharrekoa», dio Ortigosak. «Esku-hartzeen xedea Noaingo (Nafarroa) aireportuaren segurtasuna bermatzea da».
Dena den, Komunikazio zuzendari nagusiak ezin izan du ziurtatu Aena Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioaz arduratzen den erakundeak egindako txostenetan aipatzen diren interferentziak zehazki zeinek egin dituen. Ortigosaren arabera, iragan urtarrilaren 26an izan zuten interferentzien berri lehenengoz. «Aenak esan zigun Erreniegatik lizentzia gabe FMan emankizunak eskaintzen zituzten irratiek interferentziak sortzen zituztela», dio. Hasiera batean, zazpi ziren, Cadena Ser, Radio Tropical eta Trac FMek ere sortzen baitzituzten, Ortigosaren arabera: «Baina hiru horiek Erreniegatik emititzeari utzi zioten, eta orain lau irrati gelditzen dira», Radio Maria, Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta Euskalerria irratiari erreferentzia zuzena eginez.
Ortigosaren iduriko «Nafarroako Gobernuaren xedea segurtasuna bermatzea da, egoera oso larria delako». Dena den, Euskalerria irratiak, esaterako, 1998. urtetik eskaintzen ditu emankizunak Iruñerrian Erreniegako antenaren bitartez. Gainera, Komunikazio zuzenadari nagusiak ez du jakin argitzen, 2009ko urtarrila baino lehen interferentziarik sortzen ote zuten. Dena den, BERRIAk jakin ahal izan duenez, Aenak 2008 amaieran ere jakinarazi zuen interferentziak zituela, baina jatorria hainbat gunetan kokatu zuten, Noaingo aireportuko kontrol dorrean, esaterako.
Orain, Nafarroako Gobernuak informazio espedientea ireki die lau irratiei, emankizunak bertan behera uzteko eskatuz. Espainiako Industria Ministerioak, ordea, zigor espedientea ireki du 120.000 euroko isunak proposatuz. Antenak ixteko aginduaren eskumena ez dagokio Nafarroako Gobernuari, Espainiako Industria Ministerioari baizik.
Nafarroako Gobernuak Erreniegan dauden antenak ekainaren 30erako ixteko aginduaren harira hainbat erreakzio sortu dira. Nafarroako ezker abertzaleak, esaterako, elkartasunik «beroena» helarazi nahi izan die «Euskalerria irratiko langileei eta euskarazko ezinbesteko proiektu hori sostengatu duten pertsona guztiei». Nafarroako ezker abertzalearen irudiko, «itxuraz teknikoak eta errealitatean faltsuak diren argudioak erabiliz, UPNk, berriz ere, euskararen etorkizunarekiko dituen benetako asmoak ezkutatu nahi ditu». Gainera, salatu duenez, «azken hilabeteetan euskararen aurkako oldartze obsesiboak okerrera egin du, euskara zokoratzeko ari den hezkuntza egitasmoen bitartez». Ezker abertzalearen ustez, horrek guztiak erakusten du euskararen ofizialtasuna eta etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa dela euskaldunen elkarlana.
Ildo beretik, Maiorga Ramirez NaBaiko bozeramailearen arabera, «erabaki politiko bat arrazoitzeko aitzakia teknikoetan oinarritu da UPNren gobernua». Ramirezentzat adierazgarriak dira, «Euskalerria irratiak Nafarroako Gobernuarekin izan dituen liskar judizialak irrati lizentzien lehiaketetan izandako irregulartasunen ondorioz». Euskalerria irratiak eta Euskadi Irratiak Nafarroan euskararen alde eta pluraltasuna sustatzeko egiten duten lana nabarmendu du Ramirezek.
Pluraltasuna aldarri
Bestalde, NEB Nafarroako Ezker Batua alderdiak irratien informazio pluraltasuna bermatzeko eskatu dio Gobernuari. «Hartu duten erabakiak agerian utzi du Nafarroan irratien lizentziei dagokienean dagoen nahas-mahasa». NEBek Sanzen gobernuari hartutako erabakia «zuzentzeko» eskatu dio.
ELA sindikatuak ere informazio aniztasuna bermatzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. «Esparru eta ekimen politikoan hartutako erabakia da, Gobernuaren informazio ildoarekin bat ez datozen aukerak eragozteko asmoarekin», salatu du sindikatuak. Hala, «euskararen aurkako politika uzteko» beharra aldarrikatu du.
Emisioak eten ezean irratien aurka egingo du Sanzen gobernuak
Aitzakia teknikoen atzean erabaki politiko bat dagoela salatu dute ezker abertzaleak eta NaBaik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu