Miarritzera egitekoa zuen bisita bertan behera utzi du Emmanuela Macron Frantziako Errepublikako presidenteak. Bihar goizerako Miarritzeko herriko etxean bilkura bat iragarria zuen heldu den agorrilan iraganen den G7a prestatzeko, eta ondoren, G7ari begira Frantziak ezarri dituen lehentasunak aurkeztu beharra zituen, Bellevue kasinoan, nazioarteko enbaxadoreen, nazioarteko erakundeetako ordezkarien, eta eskualdeko hautetsi eta enpresa buruen aitzinean. Jean Yvres Le Drian Europako eta Kanpo Aferetako ministroak eta Nathalie Loiseau Europako aferetaz arduratzen den ministroak lagundu beharra zuten.
Pirinio Atlantikoetako prefeturak gaur jakinarazi duenez, azkenean ez da Miarritzera etorriko Macron, haatik, biharko aurreikusiak ziren bilerak atxiki dituzte oraingoz. "Eliseoaren berrien zai gaude", adierazi dute komunikazio zerbitzuek. Halaber, ez dute argitu nahi izan zer izan den biharko bisita bertan behera uzteko arrazoia.
Macron Euskal Herrira etortzekoa zela jakin zenetik, talde andanak egina zuten Frantziako presidentearen aitzinean protesta egitera joateko deia. 30 bat eragile biltzen dituen G7ren kontrako plataformak elkarretaratzea deitua zuen, eta Bizi mugimenduak ere Macron "persona non grata" izendatzera deitua zuen. Sindikatuen eta Jaka Horien deialdiak ere espero ziren.